“Bataio modukoa izango da Orioko kontzertua”

Ur goiena, ur barrena bosgarren diskoa argitaratu zuenetik oholtza gainera salto egin du Olatz Zugastik. Harpa, musikari taldea eta bere alaba, Gratxina Lertxundi bidelagun dituela, herriz herri dabil kontzertuak eskaintzen. 

Familiartean jo zituen gitarrarekin lehen notak. Harparen soinuak liluratuta, gitarratik harpara jo zuen. Eta saltoka beharrean, pausoka joan da musikaren ibilbidea osatzen. Orain, azken diskoa atera zuenetik, oholtza gainean dabil herriz herri, harpa bidelagun.

Herri musika beti izan da berezia zuretzat.
Bai. Gure emozioekin konektatzen gaitu eta halako zaporea bilatzen diot. Herri musikak badu zera hori, nolabait esanda, musika denen jatorria da.
Beti interesatu izan zait herri musika bere horretan hartu eta norberak eman dakioken airearekin nola eraldatzen den ikustea.
Euskal kanta tradizionalekin asko ikasten da, Olaxka taldearekin lan egiten nuenean ere euskalkiak ikasten genituen horrela, herri baten imajinarioa esaten den hori ezagutzen da.


Zure kantuetan jorratzen diren gaiak lotura zuzena dute zurekin?
Guztizko lotura dute. Azken finean kezka batekin edo zerbaitek kilima egin badit hasten naiz idazten. Gero hasierako ideia horri eusten asmatu daiteke, beste batzuetan ideia batetik abiatu eta beste bat gurutzatzen da. Barne borroka izaten da nondik hasi zaren gogoratzea baina askotan merezi du bide horrek.

Sortzen duzunean, hori bakarrik izaten duzu buruan?
Ez beti, batzuetan entseatzen nabilenean gertatzen da.  Esaten den bezala inspirazioak lanean harrapatzen zaitu. Halako batean akorde bat ateratzen da edo aire bat... horri tira egiten diozu, eta zerbait berezia aurkitzen da.
Sortzea ez da ezerezetik sortzen. Baina beno, nahiz eta kafe bat hartzen egon batzuetan burua hor darabilkigu, tarareatu duzun zerbaitekin edo ideia batekin edo...  


Bada zerbait, norbait, beti inspiratzen zaituena?
Nik nahita bilatzen dudan zerbait ez, baina egia da behin neska batek esan zidala nire kantuak aztertu zituela, eta behin eta berriz errepikatzen zen ideia bat aurkitu zuela: menderakuntza.
Ideia hau gure kasuan herri gisa baina baita ere norbanako gisa. Menderakuntza egoeratan, menderatzen zaituena dago alde batetik, baina ondoren nahiz eta zapalduta egon zaitezkeen, zure burua argi mantendu dezakezu. Jakin zer gertatzen eta horretarako argi egon behar da.

Inoiz beldurrik eman dizu zuk barruan duzuna gehiegi azaleratzeko sentsazioak?
Bai, behin Asisko Urmenetari nire testu bat erakutsi nion, inoiz egiten ez dudana, ez baitiot inori iritzirik eskatzen. Esan zidan iluna zela, zentzu ulergaitzean, azkenean adierazi nahi nuena hainbeste makillatu beharrarekin, ez zuela ulertu.
Gaur egun ez diot hainbesterainoko beldurrik, azken finean sentipen unibertsalak dira norbanakoak dituenak, psikologikoki ez gara hain ezberdinak, kantuetan saiatzen naiz... egia esan ez dakit, kantagintzak hori du polita. Aurreko kantuarekin hartu duzun bideak agian ez duela berriarentzat balio, eta beti hasten bezala nabil.


Kanta batzuk sortzeko prozesua minututako kontua izan daiteke, besteak gehiago luzatzen dira. Zergatik esango zenuke gertatzen dela? Nabaritzen duzu emaitzan?
Benitok esan izan du eta ni ados nago horrekin, erraz atera den hori ez dela hainbeste baloratzen eta lan handia eman dizuna, sakon ibili zarelako eta ideiak, forma... hobea izango dela pentsatzera iristen gara. Baina azkenean baliteke zailena entzuteko ere horixe bera izatea.
Erraz atera den kantuak ez du esan nahi lanketa gutxiago izan duenik. Baina badirudi erraz egindakoa, erraz entzuten dela gero.


Sarri esan duzu zure pasioak euskara eta musika direla.
Txiki txikitandik maite izan dut gure hizkuntza, altxor bat dugu. Europako hizkuntzarik zaharrenetako bat da, linguistikoki oso interesgarria da. Zer esanik ez gero euskalkiak entzuterakoan, hori da musika, esaldiak nola osatzen diren... luze ariko nintzateke honetaz.
Euskaran foko handiegia jartzeak, ordea, euskaldunon kasuan, arriskua dakar, euskara hartzen baita salbatu beharreko gauza bakarra eta zerbait isolatua balitz bezala, egoera politikoak eragingo ez balio bezala. Bere habitat den Herria menderakuntza egoera batetan dagoela kontutan hartu gabe.
Ahalegin guztiak egingo ditugu, festak, euskaraldiak...antolatuko, bainan arazoaren muinera joaten ez bagara, ukendutxo bat besterik ez da izango hori guztia. Arazoaren muina Euskal Herriaren menderakuntza da eta ondorioz, arazoaren soluzioa, askatasuna.


Norekin lotzen duzu gehiago zure burua, kantatzen duen poeta batekin edo poesia idazten duen abeslari batekin?
Nire burua nola ikusten dudan esatea... ez dakit errenazentista esaten den hori izan ninteke, pixka bat denetatik egiten duena, trobadore bat? Agian... dena den olerkari izatea ez dut uste idaztearekin zerikusia duenik, ausartuko nitzateke esatera olerkari, poeta asko daudela ezer ere idatzi ez dutenak, bainan bizitzaren ikuspegi interesgarri bat dutenak, ikuspegi aske bat, olerkaria bizitzan egoteko modu bat da, jarrera bat.


Inoiz pentsatu duzu zure musika Euskal Herritik kanpora eramaterik?
Saiakerarik ez dut egin egia esan. Gaur egun hor daude sare sozialak, harrigarria badirudi ere, aurreko batean nire 5 disko bidali genituen Japoniara, eskatu egin zizkiguten, baina badakit hori gauza puntuala dela, berdin kontzertuentzat.
Ondorengo ikuspegi hau ere Benitori zor diot, izan ere, alde horretatik iruditzen zait sanoa dela gauzei diren bezala begiratzea. Nire kasuan hautua egiten badut euskaraz kantatzeko, badu zergati bat, nire espresio naturala delako euskara eta hori egin nahi dudalako. Horrek jakina zure esparrua euskararen munduan kokatzen du. Ez nuke erabiliko mugatu hitza, izan ere hemen bihotz asko dago harrapatzeko, asko dago lantzeko.

Behatu dezagun musika orokorki.
Musika akademietan ikasi beharko litzakeela uste duzu, ala gehiago sinesten duzu norberaren bilaketan?
Askok ez dute akademikoki landu musika, baina ez du esan nahi berezkoa den jakituria horrek aurrera eraman ez zaitzakeenik. Askotan akademikoki ikasi dutenak muga batzuetara daude lotuta, horrek galarazten diete hegan egitea.
Musikaria izatea jaiotzaz ekartzen den zerbait izaten da sarri,  batzuetan horren gainetik norbere kabuz lantzea posible da bide libreetatik.  Akademikoki partiturak irakurtzen ikastea etab. erreminta bat da. Horrek ez zaitu musikari bihurtzen... berezkoa daukazu edo ez. Noski duzun hori jorratu egin behar dela.

Zer da musikaren munduan zirrara gehien sortu dizuna?
Une asko izan dira, baina bat gogoratzen dut, bereziki. Irratira nindoan gauez, Kantaita saioa egiten nuen garai hartan. Nire aurretik Pello Zabalak ematen zuen saioa, Klasikoak gaur. Jesús Guridiren Diez melodías vascas jarri zuen, saio hartan. Alabaita. Bertsio bat. Benetan hunkituta iritsi nintzen nire saioa egitera, eta esan nien, aldatu egingo dut hasiera eta lehenengo kanta Alabaita sartuko dugu. Niretzat doinu zoragarria da.  


Kantaita aipatu duzula... herri musika euskalduna maite duzu baina aldi berean, irratian 12-13 urtez, munduko musika ekarri zenuen Euskal Herrira.
Madrilgo zigilu batetik inportazioko musikak ekartzen zizkidaten. Libanoko Fairuz kantaria ekarri ziguten, gero bat batean Mazedoniako musika, Irlandakoa... zaporea zuen musika zen.
Saio horretan ez nuen musikaz bakarrik hitz egiten, gainera, herri horren egoera sozio-politiko-kulturala ere tratatzen nuen eta asko ikasten nuen, aberasgarria egin zitzaidan aro hura.

KONTZERTUA ORION
Azken diskoarekin zuzenekoetara salto egitea lortu zenuen... Nola bizi zenituen lehenengo kontzertu horiek?
Erosotasun baten barruan sentitu nintzen, eszenario baten egoteak dakartzan gora behera guztiekin, noski. Baina oro har, ondo sentitu nintzen. Beldurra nion momentu horri baina azken finean heldutasun batekin heldu nion, eta nik barruan nuena ematea erabaki nuen, ni naizena erakustea.
Nik etxean eredu handiegia nuen, baina halako batean klik bat egin nuen eta esan nuen, nik naizena erakutsiko dut, ikusiko  dut gero jendeari gustatzen zaion edo ez.


Zerk eragin zuen klik hori?
Pendiente nuen zerbait zen. Urte hauetan guztietan aitzakia nuen, beldur horrekin atzeratu egiten nuen beti momentua. Bestalde, Benitok zer esan handia izan du beti, berari laguntzea oso bide aberasgarria izan da niretzat. Frogak egiten, letrekin ere zer landua izaten dugu...
Beti gustatu izan zait bere bidean parte hartzea. Hori da grina, zerbait erakusten didanean, doinu bat, testu bat, lagundu ahal izatea niretzat oso ederra da. 

Zer ikusiko du Maiatzaren 4an zure Orioko kontzertura joaten denak?
Nire kantuak entzungo dituzte, bai azken diskokoak bai lehengokoak ere, inoiz plaza baten entzun ez direnak.Benitoren bat edo beste entzutea ere posible da.
Orion kontzertua eskaintzea, gainera, niretzat bataio moduko bat izango da. Hemen bizi naiz joan den 23 bat urtetan, berezia izango da, ziur.
Kontzertu honetan lagun izango ditut Ander Ederra gitarrarekin,  Amaiur Cajarabile baxuarekin, Ander Zulaika baterian eta Gratxina Lertxundi, teklatuan, flautan eta ahotsa jartzen.


Alabarekin taula partekatzea berezia izango da zuretzat.
Egia esan hasi ginenean, harritu egin ninduen. Pianoa ikasten zuen haurra zela eta gainean egoten nintzen ikasi zezan. Azkenean, nazkatuta atzetik ibiltzeaz, esan nion, ados, ez jo gehiago. Hori esan eta ohartu ginen kanpora joan eta itzultzen ginenean pianoa jotzen egoten zela. Isilpean, baino pixkanaka kantatzen ere hasi zen. Kantatzea ere betidanik izan du berezkoa etxean eta... Frogatzen hasi ginen elkarrekin eta ondo joan zen.   Lanean jartzen garenean serio jarduten gara.

Gatazkarik ekarri du ama alabak izateak?
Beste alorretan gatazkak sortzen diren bezala, musikan inoiz baina hobeto moldatzen gara. Uste dut ariketa honetan ondo pasatzen dugula elkarrekin.  
Zerbait zuzentzen diodanean edo beste era batera egiteko eskatu, ondo hartzen du eta gogor saiatzen da. Oso gustura nago berarekin bide honetan.

KANTAITA ENEA
Abeslariak eta musikariak izateaz gain, orain diskoetxe propioa duzue.
Urte dezente daramagu lanbide honek duen alde bakarra jorratuz, artistikoa, nolabait esateko, bainan badu beste aldea, industriarena. Gauza batzuk ulertu nahian hasi ginen eta konturatu ginen atal horiek oso alde batera utzian genituela, eta garaia zela horiek jorratzeko eta gure ibilbidearen alde guztiak ezagutzeko.  Aukera etorri zen Benitoren disko berriarekin, Gratxina ere ikasketak bukatzear zegoen eta ni ere aukera lantzeko gogoz.

Zaila al da horrelako lana zuen kantari ibilbideekin nahastea?
Lan handia da, lehen besteen esku zegoena ia guztia guk egiten  dugu. Emaitza positiboa izan da, baina pena bakarra dugu; lehenago pausoa eman ez izana.
Kantaita Enearen helburua zuen produktu propioak ekoiztea da edo kanpora begirako zerbitzuak eskaini nahi dituzue?
Hurrengo lanen bat nirea izango litzake, baina beno kanpora zerbitzuak emateko ideia ez dago itxia. Horretarako, noski, azpiegiturak eta beharko genituzke baina ikusiko dugu.

Amaitzeko... arpa jotzailea zaren horretan, broma asko jasan behar izan al dituzu?
Ufa, izugarri. Arpa jotzailea, arpa jolea... baina gauza bat esango dizut, arpa ni baino hobeto jotzen duten asko daude Euskal Herrian! Kar kar.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!