Agintaldiaren balorazioa egin dute udal taldeek, ohiko azken udalbatzarrean

Karkara 2019ko mai. 2a, 19:00
Martxoko udalbatzarreko argazkia. Artxiboko irudia.

Udalbatzarrean aztertutako gai guztiak aho batez onartu ditu udalbatzak, besteak beste, 2019-2020 ikasturterako Danbolin Musika Eskolako tasak.

Asteartean agintaldiko azken ohiko udaltzarra egin zuten Orion. Hurrengoak dira bertan aztertu zituzten gaiak:

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, 2019ko martxoaren 26ko ohiko bilkurako aktaren zirriborroa.
Aho batez onartu zen.

2.- 2019ko martxoaren 29ko 159 zenbakidun Alkate Dekretuaren berri ematea. Dekretu horren bidez, Udalaren 2018ko aurrekontu propioaren likidazioa onartzen da.
Aho batez onartu zen.

3.- Onartzea, egoki bada, Orioko Udal Musika Eskolan egindako ikasketen tasak arautzen dituen Ordenantza Fiskala aldatzea, 2019-2020 ikasturteari dagokionez.
Ahoz batez onartu zen. Orioko Danbolin Musika Eskolako 2019-2020 ikasturterako tasak onartu zituzten astearteko udalbatzarrean, eta 2018-2019 ikasturtearekin alderatuta aldaketa bakarra onartu zuten, Musika Tailerra 178 eurotik 120 eurora jaistea.

Gainontzeko tasak berdin mantenduko dituzte: Musika Mintzaira 244 euro, musika-tresna ikasgaia 2. eta 3. mailan 356 euro, ikasketa osagarriak 244 euro, bigarren instrumentua 641 euro, euskal dantza 244 euro, euskal dantza beste instrumentu batean ere matrikulatuta egonez gero 244 euro, musika instrumentuen alokairua etxera eramanda 114 euro, musika-tresnen alokairua musika eskolan 65 euro, instrumentu taldea 70 euro, eta instrumentu taldea beste ikasgai batean ere matrikulatuta egonez gero doan. Hobariak jasotzeko baldintzak 2018-2019ko berak izango dira.  

4.- Onartzea, egoki bada, baldintza-orri administratibo partikularrak, honako bi finka urbanoak besterentzeko: Orioko 3. Hirigintza-jarduerako eremuko (AIU3) –Hondartza– UE3.2 exekuzio-unitateko birpartzelazio-proiektuaren emaitzaren finken zerrendako 2B2 eta 2B3 erreferentziadun finka urbanoak.
Aho batez onartu zen.

5.- Onartzea, egoki bada, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Orioko Udalaren arteko hitzarmena, mendekotasuneko laguntza ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrek jasotzen duten zaintzaren kalitatearen jarraipena egiteko aldiro-aldiro.
Aho batez onartu zen, baina EH Bilduk azaldu zuen beren botoa baiezkoa bada ere, kritikoak direla hitzarmenarekin. "Zerbitzuaren kalitatearen jarraipena bi urtetik behin egingo da. Maiztasun hori benetan eskasa iruditzen zaigu, pertsona horien beharrak aldatu egiten baitira epe laburrean, eta uste dugu maizago egin beharko litzatekeela jarraipena. Aurreko legealdian ere martxan zegoen zerbitzu hori eta 5 milioi euroko aurrekontua zuen. Legealdi honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak 630 euroko partida bideratu du proiektu horretara, horregatik jarraipena eskasagoa izango da", azaldu zuen EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarrek.

6.- Onartzea, egoki bada, 2019rako plantilla organikoaren eta lanpostu-zerrendaren aldaketa.
Aho batez onartu zen.

7.- Onartzea, egoki bada, Orioko herriko jaiegunaren proposamena 2020rako.
Aho batez onartu zuten 2020ko Orioko herriko jaieguna ekainaren 29a izatea, San Pedro Eguna.

8.- Eskarien eta galderen atalean udal taldeek agintaldiko balorazioa egin zuten.
EH Bilduko Aizpea Ubegun izan zen hitza hartzen lehena, eta honek oposizioak elkarlanerako izan duen gaitasuna nabarmendu zuen. "Erakutsi dugu udal gobernuan ez egotea, ez dela lana ez egiteko aitzakia. Horregatik, Orain plataformari eta PSE-EEri adostasunetara iristeko eta elkarlanerako izan duten prestutasuna eskertu nahi diegu". Ildo horretan, koalizioak egindako ekarpenak azpimarratu zituen Ubegunek: "pobreziaren diagnosia egitea eta ongizate zerbitzuan administrari lanpostua bultzatu ditugu; baita, liburutegia egokitzea eta Kanpineko inbertsioak ere. Gainera, oposiziotik egin den lanari esker Kofradia Zaharrari irtenbidea ematea lortu dugu, eta laster erautsi eta ekipamendurako eraikin berria egingo dute". Bukatzeko, agintaldi honetan "EAJ noraezean" ikusi dutela nabarmendu zuten EH Bildutik. "Lau urte hauetan herriak ez da aurrera egin, eta horrek atzera egitea esan nahi du".

PSE-EEko Ana Priedek nabarmendu zuen "pozik" amaitu duela agintaldia, "betebeharrak bete izanaren ziurtasunarekin. Boto bakarra izan arren, uste dut eguneroko lanari esker, nik egindako proposamenak aurrera ateratzea lortu dudala. Lau urte hauetan oinarrizko gauzak hobetzen saiatu naiz: adibidez, Antxiola eta Aita Lertxundi kaleetako hirigintza beharrak, edo anbulatorioko ate automatikoa. Horrez gain, udalera sartu nintzenean ohartu nintzen zerbitzu asko zaharkituta zeudela herrian, urte askotan horietan inbertsiorik egin delako. Ildo horretan, liburutegia edota adinekoentzat udal ile-apaindegia garai berrietara egokitzea bultzatu dut besteak beste". Bestalde, Priedek azpimarratu zuen herriko etxebizitza arazoari irtenbidea emateko alokairua sustatzeko ere ahalegin berezia egin duela.

EAJk Udal Gobernuan izan duen kudeaketa ere aipatu zuen Priedek agintaldiko balorazioan. "Uste dut udal gobernuari eguneroko lana falta izan zaiola. Hainbat batzorde ez dira bildu ere egin agintaldian zehar. Lanak emaitzak ematen ditu, eta antolaketa egokirik ez badago, gaiak atzeratuta geratzen dira".

Orain plataformako bozeramaile Jose Anjel Iparragirrek bat egin zuen oposizioko taldeek egin zuten balorazioarekin. "Ez ditut esandakoak errepikatu nahi. Hala ere, adibide bat jarri nahiko nuke. Oriora etortzen diren bisitarien %80a autobidetik iristen da herrira. Bertan Orioko irudia den kartel bat dago. Kartel hori hortik kentzeko askotan esan izan da batzordetan eta gainontzeko taldeak ere ados agertu dira, baina oraindik hor jarraitzen du. Laster nik neuk joan beharko dut erretiratzera. Horrek erakusten du urte honetan lana nola egin den udalean". Bestalde, EAJren kudeaketa ere aipatu zuen Iparragirrek. "Udalbatzan gehiengorik ez duela ez da ohartu EAJ. Egoera horretan beste talderen bat limurtu behar izaten da, baina zuek lau urtetan ez duzue irakurketa hori egin".

Oposizioko alderdien txanda bukatu zenean, azalpenak eman zituen Joxe Angel Zaldua alkateak. "Hasieratik argi dugu ez dugula gehiengoa udalbatzan. Oposiziotik egin dituzten proposamenak aurrera atera badira, EAJri esker izan da, gure babesik gabe ez ziren onartuko-eta. Askotan zenbait gai ez ditugu aurrekontuetan zehaztu, bagenekielako horiek lantzen ari zinetela eta proposamen horiek gehitzeko eskatuko zenutela aurrekontua aurrera ateratzeko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!