2019ko udal hauteskundeak

Irudietan: Orioko EH Bilduk udal hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu Herriko Plazan

Karkara 2019ko mai. 3a, 20:48

Taldea "ongi prestatua, balio handikoa, ilusioz betea eta konprometitua" dela azaldu dute koalizioko kideek.

Orioko EH Bilduk maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako osatu duen taldea jendaurrean aurkeztu du, gaur arratsaldean Herriko Plazan. Bertan izan dira taldea osatuko duten hautagaiak, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Deba-Urola barrutiko EH Bilduko hautagai Estitxu Elduaien.

Agerraldian, EH Bilduk aurkeztu duen taldea "ongi prestatua, balio handikoa, ilusioz betea eta konprometitua" dela azaldu dute koalizioko kideek. Anuska Esnal Oliden alkategaiaren esanetan "talde zoragarria" izango du lagun datozen lau urtetan. "Zazpi hilabete inguru daramagu lanean, elkar aberasten eta ikasten. Eta, lanerako gogo biziz gatoz". 

EH Bilduren lan lerroak
Aurkezpenean, zerrendako lehen sei hautagaiak igo dira taula gainera, eta beren lana edo helburuak definitzen dituzten hitzak plazaratu dituzte. Alkategaiak esaterako, 'herritarren eskubideak' kontzeptua azpimarratu nahi izan du. "Datozen lau urtetan oriotar guztion eskubideak bermatzeko indar berezia egingo dugu, hemen gaudenon eskubideak eta baita kartzeletan daudenenak ere. Jakin badakigu, porlanak eta zementuak ez dutela zoriontasuna ematen, herritarren eskubideak bermatzeak ahalbideratzen baitu zoriontasuna". Ildo horretan, agintaldi berrian hiru zutabetan lan egitea da koalizioko kideen asmoa. "Alde batetik, ongizatean; egoera zaila bizi duten herritarrengan begirunea jarrita. Bestetik, kulturan; izan ginena eta izango garenaren arteko transmisio egokia eginez. Eta hirugarrenik, hezkuntzan; etorkizuneko oriotar jantzi batzuk prestatzen".

Horrez gain, hautagaiek agintaldi berrian EH Bilduren ardatz izango diren beste hainbat gako ere aurkeztu dituzte, besteak beste, herrigintza, parte-hartzea, edota Orioren nortasunaren oinarri den ondarea; gainera, eragileen, herritarren eta udalaren arteko sareak jostearen,  eta elkarlanari esker zubiak sortzearen garrantzia ere azpimarratu nahi izan dute.

Hurrengo herritarrek osatzen dute Orioko EH Bilduren zerrenda:

  1. Anuska Esnal Oliden
  2. Ainara Munduate Iguaran
  3. Xabier Ibarguren Azkue
  4. Beñat Solaberrieta Albizu
  5. Bakartxo Oliden Albeniz
  6. Bittor Andres Alkorta
  7. Koldo Olariaga Larrañaga
  8. Olaia Eizagirre Herrero
  9. Aitor Larraza Irastorza
  10. Eider Salegi Arruti
  11. Laida Iturralde Larrañaga
  12. Bixente Lasa Karrikaburu
  13. Nagore Rementeria Argote
  14. Ibon Arruti Roteta
  15. Oihan Gozategi Urbieta
  16. Nora Solano Salaverria
  17. Gorka Puertas Orbañanos
  18. Maria Nieves Arruti Iceta
  19. Amaia Olazabal Leonet
  20. Gotzon Igoa Aguirrezabal
  21. Jon Agirresarobe Lopetegi

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!