Leire Fernandez eta Lurdes Sarasuaren saskibaloi taldeak finalerdia jokatuko du larunbatean

Karkara 2019ko mai. 7a, 09:00

Joan etorrikoa izango da finalerdia.

Larunbatean Gipuzkoako Bigarren mailako Zast Neskak saskibaloi taldeak finalerdiko bigarren partida jokatuko du Alde-Zaharra taldearen aurka. Pasa den larunbatean lehiatu zuten joaneko partida, eta galdu egin zuten. Partidu txarra izan zela adierazi digu Leire Fernandez, Zast Neskak taldeko jokalari oriotarrak: "Ez genuen gure maila onena erakutsi partiduan, urduritasunak eta presioak eraginda partidu txarra jokatu genuen". Bost puntuko aldearekin galdu zuten joaneko partida.

Beñat Jauregi entrenatzailearen esanetan aurkariarekin alderatuta talde gaztea da zarauztarra, urduritasunak kalte asko egin zien partiduaren lehen minutuetatik: "Hasieratik gauzak hobeto egin zituzten aurkariek, gure kontzentrazio falta aprobetxatu zuten. Bigarren laurdenean hamar puntuko aldea lortu zuten. Gu bigarren zatian hasi ginen hobetzen, eta pixkanaka puntuen aldea gutxitzen joan ginen".

Finalerdiaren itzulera partidura "eskarmentatuta" doaz Jauregiren esanetan: "Horrelako partida garrantzitsu baten aurrean hasieratik dena eman behar da baloi bakoitzarengatik. Ea larunbateko partidarako balio digun eta 6 puntuko aldea lortzen dugun".  Arratsaldeko 20:30etan jokatuko dute partida, Aritzbatalde Kiroldegian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!