Txikipolitekoek asteburuan jokatuko dute igoera fasea, Zarautzen

Karkara 2019ko mai. 9a, 10:30
Bost oriotar daude Txikipolit eskubaloi taldean. (Utzitako argazkia)

Txikipolit eskubaloi taldekoek asteburuan helduko diote Lehenengo Nazional Mailara igotzeko erronkari. Zarautzen jokatuko dute igoera faseko B sektorea, eta Balomano Nava, Erreka eta Queseria Lafuente Pereda taldeekin neurtuko dituzte indarrak. Bost oriotar daude Txikipoliten; hain zuzen, Jorge Aduna, Jon Aierza, Aitor Atorrasagasti eta Eneko Camino jokalariak eta Juanjo Camino entrenatzailea.

Eskubaloiko senior mutilek asteburu honetan emango diote hasiera Lehenengo Nazional Mailara igotzeko faseari. Espainiako estatuko 24 taldek lortu dute fasea jokatzeko txartela, tartean, Zarauzko Txikipolit taldeak. Faserako sei sektore bereiztu dituzte; A, B, C, D, E eta F, eta lau taldek parte hartuko dute bakoitzean. B sektorea Zarautzen jokatuko dute, ostiralean hasi eta igandera bitartean, eta ondorengo taldeek neurtuko dituzte indarrak: Txikipolit ZKE, Leche Mesenor Balomano Nava (Gaztela eta Leon), Queseria Lafuente Pereda (Kantabria) eta Erreka KE (Nafarroa).

Sektore bakoitzeko irabazleak zuzenean igoko dira Lehenengo Nazional Mailara; baina bigarren postuan geratzen diren taldeen artean, hiru onenak ere igoko dira. Beraz, fasean lehiatuko diren 24 taldeetatik, guztira, bederatzi talde igo ahalko dira: sektoreetan lehen postua lortzen duten sei taldeak eta bigarren egiten dutenetetatik hiru onenak.

Zarauzko Txikipolit taldekoek apirilean lortu zuten igoera faserako sailkatzea, Zarautzen Indupime Basauri ta Fagor Industrial Aloña Mendi taldeak azpiratuta. EAEko bi talde ahaleginduko dira mailaz igotzeko azken urratsak ematen; hain zuzen, Txikipolit eta Urduliz. Bost oriotar daude Txikipoliten; hain zuzen, Jorge Aduna, Jon Aierza, Aitor Atorrasagasti eta Eneko Camino jokalariak, eta Juanjo Camino entrenatzailea.

Hona hemen B sektoreko taldeek asteburuan Aritzbatalde kiroldegian (Zarautz) jokatuko dituzten partida guztiak:

Maiatzak 10, ostirala

  • 17:45. Txikipolit ZKE - Balonmano Nava
  • 19:45. Erreka KE - Queseria Lafuente Pereda

Maiatzak 11, larunbata

  • 10:30. Erreka KE - Balomano Nava
  • 12:30. Txikipolit ZKE - Queseria Lafuente Pereda

Maiatzak 12, igandea

  • 10:30. Balomano Nava - Queseria Lafuente Pereda
  • 12:30. Txikipolit ZKE - Erreka KE

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!