Lau garaipen oriotarrentzat asteburuko trainerila estropadetan

Trainerila Ligako laugarren eta bosgarren jardunaldiak zein Gipuzkoa Federazio Kopako jardunaldiak jokatu dituzte asteburuan, Donostian eta Zarautzen. Orioko lau ontzik parte hartu dute, eta guztira, lau urrezko eta bi zilarrezko domina irabazi dituzte.

Pasa den asteburuan Trainerila Ligako laugarren eta bosgarren jardunaldiak zein Gipuzkoa Federazio Kopako jardunaldiak jokatu dituzte. Larunbatean Donostian izan ziren estropadak, eta igandean, Zarautzen. Orio Arraunketa Elkarteko lau ontzik parte hartu dute norgehiagoketan; hain zuzen, bi ontzik emakumezkoen mailan eta bik gizonezkoen mailan.

Donostian Orioko emakumezkoen A ontziak lortu zuen garaipena (12:48,64), eta B ontziak bigarren postua eskuratu zuen (12:54, 66). Zarautzen ere nagusi izan ziren A ontziko oriotarrak (16:05,25), eta lehenengo postua lortu zuten bigarrenez. B ontziko arraunlariek, aldiz, laugarren egin zuten igandean (16:52,51).

Gizonezkoen Trainerila Ligako jardunaldiari dagokionez, Orioko A ontziak lehen postua lortu zuen Donostian (10:50,58), baina bosgarren postuan geratu zen Zarautzen (15:20,06). Orioko gizonezkoen B trainerilak Gipuzkoa Federazio Kopa jokatu zuen larunbatean zein igandean. Hala, lehenengo egin zuten Donostian (11:25,23), eta Oriora ekarri zuten lehen postua. Zarauzko estropadetan bigarren amaitu zuten (15:03,68).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!