Aurten BPXport enpresak kudeatuko du Orioko hondartzako zaintza

Karkara 2019ko mai. 15a, 17:30

Uda honetan ez du Gurutze Gorriak kudeatuko Orioko hondartzako zaintza; BPXport enpresak irabazi du Orioko Udalak aurkeztutako lehiaketa publikoa. Dagoeneko ireki dute sorosle modura jarduteko deialdia.

Gutxi falta da hondartza denboraldiari hasiera emateko, eta aurten, aldaketak izango dira Orioko hondartzan eta kanpinean. Izan ere, datorren udan ez du Gurutze Gorriak kudeatuko Orioko hondartzako eta kanpineko igerilekuko zaintza. Orioko Udalak lehiaketa publikoa aurkeztu zuen, eta BPXport enpresak irabazi du. Hala, BPXport arduratuko da Orioko zaintzaz.

2006. urtean sortu zuten BPXport enpresa, Hernanin, eta kirol zerbitzuen kudeaketan aritzen dira. Momentuz, Gipuzkoako hiru hondartzatako zaintza kudeatuko dute aurten; Oriokoa, Zumaiakoa eta Donostiakoa. Dena den, herri gehiagotan aurkeztu dira lehiaketa publikora.

Sorosle modura jarduteko deialdia zabalik

BPXport-ek dagoeneko egin du aurten sorosle modura jarduteko deialdia, bpxsport.es/hondartzak web orrian. Bihar, maiatzak 16, itxiko dute izen-ematea, eta maiatzaren 18an izango dira hautaketa probak. Lau atal barnebilduko dituzte saio horiek: azterketa teorikoa, proba konbinatua Donostiako Kontxan, simulazio proba Kontxan eta elkarrizketa pertsonala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!