Zaraguetako Kros Txikiak hamargarren urteurrena ospatuko du larunbatean

Karkara 2019ko mai. 17a, 09:00
Kros Txikiko antolatzaileak: Nerea Ostolaza, Lourdes Berasategi, Joseba Agirre, Sonia Alonso eta Nerea Gozategi. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Larunbatean11:00etan X. Kros Txikia izango da, Zaragueta Herri Eskolaren eskutik. Antolatzaileek herriko haurrak lasterketan parte hartzera animatu dituzte.

Larunbaterako Kros Txikia antolatu du Zaragueta Eskolak, eta aurtengo edizioa berezia izango da, 10. urteurrena ospatuko baitute. "Duela hamar urte, Zaraguetako kideok herri mailako ekimen bat antolatu nahi genuen, herritarrak eskolara inguratu zitezen. Hasiera batean ez genuen argi zer izan zitekeen, baina Lurdes Berasategi irakaslea lasartearra denez eta bertan kroserako zaletasun handia dagoenez, haurrei zuzendutako Kros Txikia antolatzea bururatu zitzaion".

Esan eta egin. Lasarteko Ostadar taldearengana jo zuten Zaraguetako kideek, eta haiek lagundu zieten lehenengo aldiz Kros Txikia antolatzen. "Lasarten ere haurren krosa egiten da, eta horretan oinarrituta antolatu genuen Oriokoa. Beharrezko azalpen guztiak eman zizkiguten: adin bakoitzean korrika osatu beharreko distantzia zein zein, dortsalak eta dominak non erosi behar genituen, edota mota horretako kros batek zein antolaketa mota behar duen". Izan ere, Haurrei zuzendutako Kros Txikia antolatzeko, egunean bertan ere lagun asko behar izaten da, eta eskolako gurasoen artean deialdia egin zuten batzordeko kideek. "Harrera bikaina izan genuen, eta guraso askok izena eman zuten boluntario lanak egiteko. Pozik gaude, hamar urte pasa badira ere, hasierako ilusioarekin jarraitzen baitute haurrek eta gurasoek". 

Ez da gutxiagorako, Orioko Kros Txikiko parte-hartzaile kopurua urtez urte hazten joan baita. "Lehen ediziorako bailarako eta inguruko beste herrietako eskoletan Kros Txikian parte hartzeko deia luzatu genuen. Guretzat ezustekoa izan zen, 200 haurrek baino gehiagok parte hartu baitzuten lehenengo Kros Txikian. Gero jakin genuen espresuki haurrentzat antolatzen diren oso kros gutxi daudela, normalean helduen krosen aurretik izaten baitira haurrei zuzendutakoak. Horregatik, berezia da gurea".

Parte-hartzaileen erantzunak animatuta, urtero antolatu dute krosa Zaraguetako kideek, eta 430 parte-hartzaile inguru izatera ere iritsi dira urte batzuetan.

Parte-hartzea da garrantzitsuena
Hamarkada batean zehar hainbat aldaketa izan ditu Zaragueta Eskolako Kros Txikiak. Urte askotan zehar otsailean egin izan da, baina aurten maiatzera pasatzea erabaki du lasterketa antolatzeaz arduratzen den guraso taldeak. "Otsailean askotan eguraldi txarra tokatu izan zaigu, eta krosaren ondoren egiten dugun bileran askotan aipatu izan da hilabetez aldatzea. Aurten pausua eman dugu, eta maiatzean antolatzea erabaki dugu, eguraldia lagun izateko".

Bestalde, Orioko Kros Txikian HH 2tik LH 6. maila arteko haurrek parte hartu dezakete, eta Zaragueta Eskolako kideek nabarmendu dutenez, parte-hartzea da garrantzitsuena. "Txikienen artean harrera bikaina izan ohi du lasterketak, eta parte hartzeko gutxieneko adina jaitsi egin behar izan dugu, gurasoek eskatuta. Izan ere, haurrentzat egun berezia izaten da, beren gurasoek, osaba-izebek edo lehengusuek bezalaxe lasterketa batean parte hartzeko aukera eskaintzen baitiegu. Helduen probetan bezala, bukatzen dutenean ura, fruta eta jogurta dituen poltsatxoa ematen diegu, eta baita domina ere". Ildo horretan, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Kros Txikia babesten duten herriko merkatariei eta ostalariei.

Kiroltasuna ardatz
Zaragueta Eskolako krosak, kiroltasuna oinarri hartuta, herriko ikastetxeen arteko ika-mika gainditzea ere lortu du, eta egun Zaragueta Eskolako eta Orioko Ikastolako ikasleek parte hartzen dute lasterketan. "Hasiera nagusiki Zaraguetako ikasleek parte hartzen zuten, baina gaur egun bi eskoletako haurrak biltzen ditu Kros Txikiak. Horregatik, larunbatean herriko haurrak kros txikian parte hartzera animatu nahi ditugu". Bertan korrika egin nahi dutenek, aldez aurretik kiroldegian eman dezakete izena, eta larunbatean bertan inskribatzeko aukera ere izango da, 10:30etik 11:00etara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!