2019ko udal hauteskundeak

"Agintaldi berrian ezinbestekoa iruditzen zait alderdien arteko elkarlana"

Karkara 2019ko mai. 16a, 13:38

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan EAJko alkategaia izango da. Lourdes Salsamendik (Orio, 1966) bi agintaldi daramatza Orioko Udalean zinegotzi karguan, eta azken lau urteetan kultura batzordeburua izan da. 

Zergatik erabaki zenuen alkategai aurkeztea?
Nire herriaren alde lan egiteko gogoz eta ilusioz nago, asko betetzen nau Orio hobetzeko lan egiteak. Gainera, alderdiarengandik oso babestuta sentitzen naiz, baliabide bikainak eskaintzen dizkit kudeaketa ona egin ahal izateko.

Aurreko agintaldiaren zer balantze egingo zenuke?
Ni kultura batzordeburua izan naiz agintaldi honetan, eta herriarentzat garrantzitsuak diren hainbat proiektu sustatu ditut. Mutiozabal da horietako bat. Mutiozabal herriarentzat proiektu estrategikoa izango da, herriko ondarea belaunaldiz belaunaldi helarazteko bidea izateaz gain, turismo arloa ere indartuko baitu. Era berean, baztertu samarra zegoen eremua biziberritzeko ere balioko du proiektuak. Pixkana aurrera doa proiektua. Eraikina egokitzeko lanen bigarren fasea bukatu berri dugu, eta orain erakina dinamizatu eta bizitza eman behar diogu. Horretarako, hainbat egitasmo ditugu esku artean. Batzuk hurrengo hilabeteetan jarriko ditugu martxan; Donostiako Aquariumarekin elkarlanean egin nahi dugun erakusketa, esaterako. Beste proiektu batzuk, aldiz, aurrerago abiatuko ditugu, eta horiek lantzen ari gara orain.

Adibidez, datozen egunetan Orioko Udalaren, Mundu Bira 500 Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmena sinatuko dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik babes osoa eman dio proiektuari, lurraldeko itsas ondorea ezagutarazteko proiektu estrategikoa dela uste dutelako. Ildo berean, Elkanok munduari bira eman zioneko 500. urteurrenaren harira, hainbat ekimen egingo dituzte Euskal Herrian eta mundu mailan, eta Mutiozabalek ere ekimen desberdinetan parte hartuko du. Besteak beste, Elkanoren Nao Victoriak zeramatzan ontzi txikien erreplikak egingo dituzte Mutiozabalen. Arozgintza adituek eta herritarrek landuko dituzte erreplika horiek, eta ikastetxeekin hitzarmena ere sinatu nahi dugu, beren ikasketa proiektuetan Mutiozabal txertatu dezaten. Horrela, ikasleek ibaiertzeko aroztegia zer den ikasteko aukera izango dute Mutiozabalen; planoak interpretatzen, maketak egiten eta beste hainbat ezagutza ikasiko dituzte. Gure itsas ondorea ezagutuko dute, eta garai bateko Pikaerak berreskuratuko ditugu.

Oso pozik nago Mutiozabal proiektuarekin, eta Orioko EAJko alkategai izatea onartzeko arrazoietako bat Mutiozabal izan dela aitortzen dut. Izan ere, Mutiozabal proiektua aurrera eramateko alderdi guztion elkarlana ezinbestekoa izan da. Nik uste dut, herri mailan, alderdiak gai askotan adostasunetara iritsi gaitezkeela. Agintaldi berrian, elkarlana ardatz duen lan eredua indartu behar dugu.

Beraz, gaur egungo udaleko funtzionamenduan eraldaketa bat proposatzen duzu?
Ezinbestekoa iruditzen zait alderdien arteko elkarlana. Ardura handia da udala kudeatzea, eta elkarlanean, ardurak banatuta, emaitza onak lortuko genituzkeela uste dut. Nik badakit alderdi bakoitzak bere norabidea eta ikuspuntua dituela, baina batzuk besteekin osagarriak izan gaitezke, herriko proiektuak aberasteko. Gainera, niri oposizio kontzeptua ez zait gustatzen, zerbaiten kontrakoa esan nahi baitu, eta nahiago dut beste taldeez hitz egin. Mahai inguruan esan nuen moduan, agintaldi honetan martxan jarri ditugun proiektu gehienak EAJk babestu ditu; beste alderdiek egindako hainbat proposamen begi onez ikusi ditugu, herriarentzat eta herritarrentzat onak direlako. Gobernua izan da lan horiek bukatu dituena. Hori talde lana da, eta horretan sinesten dut.

Era berean, alkateak herritarrengandik gertu egon behar du, eta horretan saiatuko naiz Orioko alkatea banaiz. Herritarrekin eta eragileekin hitz egin eta beren kezkak nahiz ideiak entzuteko prest izango naiz. Eragileekin elkarlana izango da datorren legealdiko lan egiteko modua. Herrian antolatzen diren ekimenak dagokion eragileekin batera antolatu behar ditu udalak. Agintaldia bukatzear bada ere, oraindik udari begira lanean ari naiz, eta udako kultur eta turismo egitaraua zehazten ari gara egunotan. Hainbat ekimen izango dira, eta besteak beste, gure asmoa da Arkupe elkartearekin elkarlanean abuzturako musika jaialdi bat antolatzea. Abuztuko bi ostiraletan eta bi igandetan izango da, eta musika estilo desberdinetako kontzertuak eskaini nahi ditugu.

Bestalde, kultur agenda bizia lortu nahi badugu, herriko txoko desberdinak erabiltzea ere garrantzitsua iruditzen zait. Izan ere, uste dut kultur etxea txikia geratzen ari dela, eta entzun-areto txiki baten beharra sumatzen dut.

Zein izango dira zure lehentasunak agintaldi berrian?
Lehen aipatu dudan moduan, Mutiozabal izango da proiektu estrategikoa. Horretaz gain, Gizarte Ongizate zerbitzua indartu eta herritarrentzat ireki behar dugula ere uste dut. Batzuetan, gizarte zerbitzura joaten garenean, herritarroi iruditzen zaigu limosna eske goazela. Ikuspegi hori aldatu egin behar dugu, herritarren eskubidea baita gizarte zerbitzuen laguntza jasotzea. Orion bizi diren herritar guztiei eskainitako zerbitzua izan behar du, baldin eta laguntza behar badute. Autonomia pertsonala, gizarteratzea eta ongizatea sustatu behar ditugu, mendekotasun egoerei, babesgabetasun egoerei, bazterketari eta larrialdi egoerei aurre hartzeko, edota horien eraginez sortutako beharrei erantzuteko.

Tolosan gizarte zerbitzuen arloan herritarren eskubideak ezagutzera emateko gida bat argitaratu dute, eta oso baliagarria iruditu zait, bertan arlo horretan herritarrek dituzten eskubideak zehazteaz gain, gizarte zerbitzuen funtzioak ere argi eta garbi azaltzen baitituzte.

Bestalde, Aizperro industriagunea martxan jartzeko pausoak ere emango ditugu, eta Foru Aldundiarekin elkarlanean, irtenbidea emango diogu N-634 errepideko segurtasun gabeziei Ortzaika eta Anibarko Portua auzoetan. Gainera, Orioko saihesbidea errealitate izan dadin lanketa ere egingo dugu.

Alokairuaren gaia ere aztertuko dugu. Lau urtetan etxebizitzaren gaia jorratu dugu, baina kontuan izan behar dugu gaur egun gazteentzat edo adineko pertsonentzat oso zaila dela Orion etxebizitza alokatzea, prezioak oso altuak direlako.

Zer eskaintzen du EAJk besteek eskaintzen ez dutena?
Oriotik, oriotarrekin eta oriotarrentzat lan egingo dugu, eta horretarako prest gaude. Herria biziberritu eta indartu nahi dugu, baita etorkizunerako beharretara egokitu ere. Turismo jasangarriaren bidetik egin behar dugu lan, industria handirik ez dugulako herrian. Ildo horretan, Arraunetxeri buelta bat eman nahi diogu, bertan itsas-kirolekin lotura duten ikerketak eta garapen enpresak bildu daitezen. Gainera, kirolariek bertan lo egiteko baimena ere lortu nahian gabiltza, kirol taldeek beren egonaldiak Arraunetxen egiteko aukera izan dezaten.

Uste dut garrantzitsua dela EAJri botoa ematea, gaur egun Espainiako Gorteetan dauden EAJko diputatuek eta senatariek herriarentzat oso garrantzitsuak diren proiektuak betetzen lagunduko digutelako, dagokion erakundeekin harreman zuzena izanda. Dagoeneko hainbat gai lantzen hasi gara beraiekin. Orioko anbulategiaren kasua da beste adibide bat. Orioko anbulategia handitu egin behar dugu, eta horretarako, hutsik dauden Gizarte Segurantzako bulegoak oso egokiak izango lirateke. Gizarte Segurantza Espainiako Gobernuaren eskumena da, eta EAJko diputatuek, udalaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremana lantzen lagunduko dute. Horrela lortu dugu Anibarko Portuan alokairu sozialeko sei apartamentu egitea, eta Munto eremuan babestutako etxebizitzak egitea.

Ez dugu ahaztu behar, herrian proiektu desberdinak garatu ahal izateko, alkate batentzat oso garrantzitsua dela gainontzeko erakundeekin harremana zuzena izatea. Une honetan, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia kudeatzen ditu EAJk, eta horrek Orio hobe bat lortzeko bidea irekiko duela uste dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!