Irudietan: Lurdes Berasategi irakaslea omendu dute Kros Txikian

Karkara 2019ko mai. 18a, 13:50

Lurdes Berasategi irakaslea Zaraguetako Kros Txikiaren sortzaileetako bat izan zen. Lasartearra izanik, berari bururatu zitzaion Orion haurrei eta gaztetxoei zuzendutako krosa antolatzea.

Zaraguetako Herri Eskolako Lurdes Berasategi irakaslea aurten erretiratuko da, eta eskolako kideek omenalditxoa egin diote Kros Txikia hasi aurretik. Hunkituta entzun ditu ikasleek abestu dizkioten bertsoak, eta eskerrak eman dizkie Zaragueta Eskolako komunitatea osatzen duten kide guztiei.

Hamasei urte egin ditu lasartearrak Zaragueta Eskolan irakasle. "Nik aurretik Lasarte egiten nuen lan, baina eskola itxi egin zuten, eta Zaraguetara etorri nintzen. Hasiera batean, nire asmoa zen hemen bi urte bete eta Lasartera bueltatzera, baina iritsi orduko Zaragueta Eskolako giroak harrapatu egin ninduen, berezia baita eskola osatzen duten ikasle, irakasle eta gurasoen arteko harremana".

Urte guzti hauetan hainbat proiektu martxan jarri ditu Berasategik Zaraguetan, tartean gaur hamargarren urteurrena bete duen Kros Txikia. "Kros Txikia antolatzea nire ideia izan bazen ere, talde lanean antolatu izan dugu beti. Lasterketa berezia da niretzat, eta bilobak ere ekarri izan ditut lasterketan parte hartzera. Horregatik, oso pozik nago Kros Txikiaren bueltan omenalditxo hau egin didatelako. Laster erretiratuko banaiz ere, beti bihotzean eramango dut Zaragueta Eskola".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!