'Zaindu aniztasunaren lorategia' izenpean bat egin dute Orioko ikastetxeek

Karkara 2019ko mai. 21a, 14:10

Homofobiaren Aurkako Eguna izan zen pasa den ostiralean, maiatzak 17. Hala, 'Zaindu aniztasunaren lorategia' izenpean, ekimen bereziak egin zituzten Orioko Herri Ikastolan eta Zaragueta Herri Eskolan.

Pasa den ostiralean, maiatzak 17, izan zen Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Urola Kostako Hezkidetza Foroak proposatuta, homofobiaren aurkako aldarriarekin bat egin zuten eskualdeko ikastetxeek zein udalek. Zaindu aniztasunaren lorategia leloa oinarri hartuta, ostiralean ostadarraren koloreekin apaindu zituzten herriko hainbat lorategi eta txoko, eta ostadarraren bandera ere jarri zuten Orioko udaletxean zein ikastetxeetan. Naizena naizela onartua esaldia irakurri zitekeen banderetan.

Bestalde, Orioko Herri Ikastolan eta Zaragueta Herri Eskolan bestelako ekimen bereziak izan ziren "homofobiaren aurkako kontzientziazioa" lantzeko. Hala, gaiari heltzeko eztabaidak egin zituzten bi ikastetxeetan, eskola-orduetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!