"Orion eskubaloi kluba izateak gaztetxoak eskubaloira hurbilduko dituela uste dugu"

Karkara 2019ko mai. 22a, 09:00
Maria Azkue eskubaloi jokalaria partida jokatzen, ZKE taldearekin.

Orio Eragin eskubaloi kluba LH 5. eta 6. mailako neskei zuzendutako entrenamendu irekiak egiten ari da. Atzo egin zuten lehen saioa, eta datorren asteartean izango da hurrengoa. 

MARIA AZKUE - Orio Eragin eskubaloi klubeko kidea

Zergatik uste duzue dela beharrezkoa Orion eskubaloi kluba sortzea?
Orain arte Orioko eskubaloi taldeek Zarauzko eskubaloi elkartearen izenean jokatzen zituzten partidak, eta azken urtetan parte-hartze kopuruak gora egin duenez, Orion eskubaloi elkartea sortzeko beharra dagoela ikusi genuen. Herrian nesken eskubaloi taldeak bakarrik ditugunez, nesken kluba izango da oraingoz. Bestalde, uste dugu Orion eskubaloi kluba izateak gaztetxoak eskubaloira hurbilduko dituela, eta kirola probatzeko grina sortuko zaiela.

Zenbat talde izango dituzue hasiera honetan?
Federatutako bost talderekin abiatuko dugu kluba: jubenilen eta kateen talde bana eta infantil mailako hiru. Horrez gain, alebin mailako errendimendu taldea eta Eskubaloi Eskola izango ditugu, eskubaloian jokatzen ikasi nahi duten haurrei zuzendua.

Elkarte hasiberria bada ere, bost talde izango dituzue. Horrek antolaketa lan handia eskatuko al dizue?
Oso pozik gaude proiektuarekin, eta lanerako gogoz gaude. Zuzendaritza taldea zazpi lagunek osatu dugu, lau neskak eta hiru mutilek. Zuzendaritza taldean emakumezkoen gehiengoa izatea garrantzitsua iruditu zaigu, elkartea nesken eskubaloi kluba delako. Bestalde, zuzendaritza taldeko kideok entrenatzaile lanak ere egingo ditugu, beste entrenatzaile batzuekin elkarlanean. Azken finean, jakin badakigu elkarte txikia izanda, denetik egitea tokatuko zaigula.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!