Legealdi honetako azken udalbatzarra izan zen ostegunean

Ohiko kontuak aho batez onartu ondoren, alderdietako bozeramaileek hitza hartzeko aukera izan zuten.

Ekainaren 13an egingo den tramitezko udalbatzarra kenduta, ostegun iluntzean legealdi honetako azken udalbatzarra egin zen Orioko udaletxean. Ezohiko bilkura zen formalki, eta ezohikoa izan zen bestela ere. Ohiko kontuak aho batez onartu ondoren –aurreko bilkurako akta, aurrekontuaren Kontu Orokorra eta kreditua aldatzeko bi espediente– Jose Angel Zalduak hartu zuen hitza eta, azken bilkura zela gogoraraziz, hitza eman zien alderdietako bozeramaileei nahi zutena esan zezaten.

 

PSE-EE-PSOE talde politikoko bozeramaile Ana Priedek hartu zuen hitza lehendabizi. Hasi zen esaten onena opa diela datorren udal-agintaldian jarraituko ez duten udalbatzarkideei, ondoren, ordea, bi pertsona aipatu nahi izan zituen bereziki. Batetik aipamen berezia egin nahi izan zion EH BILDUren bozeramaile Emeterio Iribarri, eta eskerrak eman elkarrekin egin duten lan guztiagatik. Eta bestetik, EAJ-ko Angel del Hoyo eskertu nahi izan zuen, berarekin oso momentu onak pasatu zituelako. Bukaeran, alkateari ere onena opa nahi izan zion.

 

ORAIN taldeko bozeramaile Jose Angel Iparragirrek hartu zuen hitza segidan. Jarraituko ez duten udalbatzarkide guztiei onena opa nahi izan zien aurrena, eta ondoren adierazi zuen espero duela ez faltan bilatzea.

 

EH BILDU taldeko bozeramaile Emeterio Iribarrek hitz egin zuen ondoren. Adierazi zuen 27 urterekin hasi zuela bere ibilbide politikoa Udalean eta ia 62 urterekin utziko duela. Oso esperientzia ederra eta betegarria izan dela esan zuen, nahiz eta aitortu Ana Priederen

aitarena bizitza osoan gainean eramango duen karga izango dela. Era berean, nabarmendu nahi izan zuen Ana Priede pertsona atsegina eta oso lankide ona izan dela eta, segidan, eskerrak eman zizkien udalbatzarkide guztiei.

 

Bukatzeko alkateak hartu zuen hitza, eta idatzi bat irakurri zuen udalbatzarkide guztiei eskerrak emanez egindako lan guztiarengatik. Aipamen berezi bat egin zien Udaleko teknikari eta langileei, eta ez zuen bukatu nahi izan berarekin Gobernu Organoan jardun diren zinegotziak eskertu gabe. Idazkaria ere eskertu nahi izan zuen bere pazientzia guztiarekin egon delako gure eztabaidetan.

 

Horrelaxe bukatu zen bilkura eta segidan, Karkarak jakin duenez, elkarrekin joan ziren zinegotzi guztiak zerbait hartzera, legealdi honetan lehendabiziko aldiz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!