Larunbatean Dilistak eta Anabasa (Kaos y lentejas) jaialdia izango da Orioko Etxeluze Gaztetxean, musika, janaria eta lagunak biltzeko asmoz. Antolatzaileek azaldu dutenez, «helburua ez da jaialdi jendetsu bat sortzea. Guretzat jaialdiaren kalitateak eta bertan biltzen garenon ongizateak du garrantzia, eta ondo pasatzeko asmoz antolatu dugu ekimena».
Hasiera batean, Usurbilen abiatu zen Dilistak eta Anabasa jaialdia. Lehen urte horietan abenduan egiten zen, "potajearekin gorputza berotzeko asmoz". Hiru urtez egin zen Usurbilgo gaztetxean, enpresa eraikitzaile batek gazteak gaztetxetik bota zituen arte. "Etxeak egin zituzten bertan, gaur egun normaltzat hartzen dugun eredua jarraituz; hau da, etxe erosleak bizitza guztirako hipotekatuz alegia. Lotsagarria da». Ondoren, jaialdia inguruko herrietara zabaldu zuten, eta Lasarten ere egin izan da ekimena.
Dilistei gorazarre
Jaialdiak elikadura eta musika uztartuko ditu. Goiz eguerdi parterako, dilista txapelketa eta herri bazkaria antolatu dituzte. "Dilistak eta Anabasa izenburua aukeratu dugu, potajea oinarrizko elikagaia delako, eta gaur egun lekaleen kontsumoak beheraka egin duelako, tamalez. Hemengo lekaleak babarrunak diren arren, guk dilistei egin nahi diegu gorazarre».
Arratsalderako, jolasak antolatu dituzte gaztetxeko kideek, eta txapela jantzita bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei. Gauea, berriz, musikari egingo diote tartea, eta 20:00etatik aurrera, bederatzi talde igoko dira Etxeluzeko oholtza gainera: Lokuria, Managaitz, Disasko, Peëdog, Saña, Polikarpa y Sus Viciosas, Kamorräh, Cult Of Misery eta Polemika. "Punk, hardcore eta zarata zikina izango dira entzungai».
Antolatzaileek Dilistak eta Anabasa jaialdian parte hartzera animatu dituzte herritarrak, "jarrera homofobo, xenofobo, arrazista edo espezista dutenak izan ezik, horiek ez dira ongi-etorriak izango».