'Dantza' filma emango dute Orion ekainaren 21ean

Karkara 2019ko mai. 29a, 15:26

Ekainaren 21ean, ostirala, Dantza filmaren emanaldia izango da Orioko Kultur Etxean, 22:00etan hasita. Dantza Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen lehen aldiz Telmo Esnalek. Iazko abenduan izan zen estreinaldia, eta ordundik, 40.000 ikusle izan ditu gutxienez. Txintxua Filmsen bidez ekoiztu zuen ikus-entzunezko lana Esnal zarauztarrak.

Honela dio filmaren sinopsiak:

"Ekaitza lehertu da landako lan egun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa. 

Bizitzaren zikloari buruzko istorio bat, bizirik irauteko borrokarena. Horretan, denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du. Eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza. Musikak eguneroko zereginei lagunduko die. Bizitza erritmoa da! 

Gai unibertsalak, hemen sinbologia berezi batez jantziak. Dantza tradizionalen unibertso hipnotikoari dagokiona. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Izatearen mirariari buruzko kontaketa bat."

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!