Gutuna: Mikel Bordari erantzuna

Karkara 2019ko eka. 1a, 11:00
Karela Kiroldegiko igerilekua.

Atzo etxez etxe banatu zen Karkara aldizkariaren 406. zenbakian, gutunen atalean, Karela kiroldegiaren gutuna argitaratu zen, baina ez da osorik agertzen. Hona hemen gutun osoa.

Apirilean Karela kiroldegiari erreferentzia egiten zion idatzia argitaratu zen Karkara aldizkarian. Bertan, okerrak diren baieztapen ugari egin ziren, eta beharrezkoa ikusten dugu erantzun bat ematea.

Lehenik eta behin, Donostiako kirol txartelarekin konparatzen zaigu. Komenigarria da azaltzea BPXport-ek kudeatzen dituela Donostiako kiroldegietako kirol jarduerak (Fortuna eta Bera Berarenak izan ezik) eta beraz, informazio zuzena dugula arlo horretan. Argitze aldera esan:

  1. Donostiako Kirol Patronatuko kiroldegietan ez dago doako jarduerarik. Ikastaroetan parte hartzeko, aparteko kuota bat ordaindu behar da.

  2. Karelan abonatu kuotarekin igerilekua, fitness aretoa, tatamia, sauna eta rokodromoa erabili daitezke dohainik. Gainera, kuota berdinaren barnean Xpress ikastaroak eta jarduera bereziak daude, kirol aholkularitzarekin batera.

  3. Donostiako kirol txartelaren prezioa euro ehunenetan zehazten den bitartean, Orioko abonatu kuota 25 euro direla baieztatzen da, berez 24 euro direnean. Biribilketak egiteko modu bitxia...

  4. Kontrakoa esan arren, Karelan kuota murriztuak daude ondorengo bazkide motentzat: ikasleak, pentsiodunak, langabetuak, ezinduak, guraso bananduak, 65 urte baino gehiago dituztenak eta umezurtzak.

  5. Oro har padel alokairuak kuotatik kanpo geratu ohi dira, Donostiako kirol instalakuntzetan bezala.

Gaia aurkezteko moduan ados ez egon arren, kalitatearen atalean egiten diren erreferentziak errespetatzen ditugu. Azpiegitura guztiek izaten dituzte arazoak (batez ere urteak bete ahala) eta Karela ez da salbuespena. Gure baliabide eta ahalegin guztiak jartzen ditugu arazoak konpondu eta ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.

Espazioaren inguruan, txikia geratu dela azpimarratzen da. Zentzu honetan gauza gutxi egin dezakegu, instalakuntza berri bat eraikitzea ez bada erantzuna. Kontutan izan erabiltzaile asko eta anitzak daudela, eta bakoitzak erabiltzen dituen zerbitzuetan espazio gehiago nahi izaten duela beti. Karelaren espazioaren errealitatea eta ezaugarriak kontutan izanik, 2014tik egin den banaketa arrazoigarriena eta egokiena dela uste dugu.

Bestalde, ordutegiaren kasuan, sarritan azaldu den bezala, ez da BPXport-en erabakia. Kudeaketa baldintza batzuk ditugu eta horiek betetzeaz arduratzen gara.

Udako itxiera teknikoa berriz, ezinbestekoa da Osasun Sailak 32/2003 dekretuari jarraituz eskatzen dituen baldintzak betetzeko. Legea betetzeaz ari gara eta ez enpresak apeta hutsez egiten duen zerbaitez. Kalitatea eskatzen den bezala, bidezkoa eta ulerkorra iruditzen zaigu kalitate hori bermatuko duen lanak egin ahal izateko urtean bi asteko itxiera egitea.

Erabiltzaileen iritziak jakiteko inkestak erabiltzen ditugu eta bertan jasotako ekarpen guztiak hartzen dira kontutan. Eskaerak ditugun baliabide eta aukeren baitan erantzuten ditugu, beti ere ikuspegi orokorraren hobe beharrez, eta ez banakakoek eskatzen dutenari soilik erantzuteko.

Amaitzeko azken hausnarketa egin nahi genuke. Zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu eta ondorioz, kiroltasunez onartzen ditugu kritika guztiak, hobetzen laguntzen digutelako. Hemendik aurrera ere kritikak jasotzen jarraitzea espero dugu, negatiboak noski, eta positiboren bat ere beharbada... Hori bai, kasu guztietan eskertzekoak dira gutxieneko batzuk: informazio zuzena eta begirunea. Ez dago ikasteko adin tarterik.

Karela Kiroldegia

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!