Ekitaldiekin oroituko dute Oteizaren Arantzazuko lanaren 50. urteurrena

Karkara 2019ko mai. 31a, 15:15

Jorge Oteiza eskultoreak Arantzazuko lana amaitu zuenetik 50 urte beteko dira aurten. Horren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Jorge Oteiza Museoak eta Arantzazu Gaur fundazioak; besteak beste, bi zati osagarriz osatutako erakusketa bat, mahai ingurua eta bi argitalpen.

Jorge Oteiza eskultore oriotarrak 1969an amaitu zuen Arantzazuko santutegiko lana. Urte horretako ekainetik urrira bitartean kokatu zituen beren lekuan santutegian jartzeko sortutako eskulturak; 14 apostolu egin zituen, hain zuzen.

Lan horren 50. urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Jorge Oteiza Museoak eta Arantzazu Gaur fundazioak; esaterako, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 erakusketa. Bi zati izango ditu erakusketak, elkarren osagarriak izango direnak. Oteizaren museoan (Altzuza) kokatuko dute zati bat, ekainaren 19tik urriaren 27ra bitartean. Museoko zuzendariak azaldu duenez, ehundik gora eskultura-estudio erakutsiko dituzte bertan, horietako batzuk, sekula argitara atera gabeak. Gandiaga Topagunean (Arantzazu) jarriko dute erakusketaren beste zatia, ekainaren 28tik urriaren 27ra bitartean. 50 eskultura eta ikus-entzunezkoak izango dira ikusgai bertan, Oteizak santutegirako garatutako proiektuaren gakoak azaltzeko helburuarekin.

Azterketa ardatz

Elena Martin museoko kontserbatzailea izango da erakusketa horren komisarioa. Lanaren inguruko ikerketa egin du Martinek, eta hori oinarri hartuta, Oteiza eta Arantzazuko estatuaria, 1950-1969 monografikoa argitaratuko du datozen hilabeteetan. Bestalde, aldizkari bat ere argitaratuko dute, gehienbat irudien bidez Arantzazuko proiektuaren bilakaera modu ikusgarrian azaltzeko.

Antzolatzaileek azaldu dutenez, irailaren 21ean izango da urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia. "Arantzazuren garrantzia bere testuinguruan aztertzeko" mahai ingurua egingo dute. Horrez gain, egitarauaren barruan, hitzaldiak edota erakusketetara bisita gidatuak ere prestatuko dituzte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!