"Ikasle guztiek ez dituzte bost urte hizkuntza musikala jorratzen igaro nahi"

Karkara 2019ko eka. 6a, 09:30

Azken urte hauetan aisialdiko eskaintza asko zabaldu da Orion. Haurrak, ikastetxetik atera eta egunero egunero aisialdiko ekintzaren batean parte hartzera ohitu dira: igeriketa, ingelesa, dantza... Aukera zabalaren aurrean, Danbolin musika eskolak ikasketa plana moldatu du, bezeroen beharrak hala bideratuta.

Ikasturte berriari begira berrikuntzekin datoz Orioko Danbolin musika eskolako irakasgaiak. Bezeroen behar eta eskariei erantzunaz, metodologian hainbat aldaketa egingo dituzte datorren irailean hasiko den ikasturtean.

Elena Errasti
Danbolin musika eskolako zuzendaria

Zein aldaketa emango dira Danbolin Musika Eskolako 2019-20 ikasturtean?

Aldaketa nagusia 4-6 urte bitarteko haurren lantegian emango da, lehenengo mailan. Orain arte ikasleek bi klase izaten zituzten astero, batean musika lantzen genuen eta bestean psikomotrizitatea, dantzaren bitartez. Konturatu gara, geroz eta azkarrago hasten direla haurrak bestelako aisialdiko ekintzetan parte hartzen, eta ekintza aukera hori geroz eta zabalagoa denez, musika eskolara birritan etortzea askorentzat ezinezkoa edo zaila zen jada. Egoera horrek bultzatuta, hurrengo ikasturtetik aurrera, bi arloak batuko ditugu eta klase bakarra izango dute astean, erdi eta erdi zatituta. 

Beste aldaketarik izango al da?

Bai, bigarren mailan ere, 7-11 urte bitarteko haurren irakaskuntzan, zertxobait aldatuko dugu metodologia. Maila honetan dauden ikasleek alde batetik musika hizkuntza irakasgaia dute, solfeoa, eta bestetik instrumentua. Orain arte musika eskolako diploma lortu ahal izateko aukera bakarra zuten, musika eta instrumentua ikasten bost urte igarotzea eta musika taldeetan parte hartzea. Gaur egun, ordea, konturatu gara lehen aipatu bezala, aisialdirako aukera ugari dituztela ikasleek adin horretan, eraginez, denek ez dituzte nahi bost urte igaro hizkuntza musikala jorratzen eta pixkanaka uzten joaten dira musika eskola, geroz eta jende gazteagoak.

Irakasleon ustez, hezkuntza musikal oso batek orain artean bezalako izan behar du, baina jendearen eskariak ere kontuan hartu behar dira. Horregatik, abaniko berri bat irekiko dugu: lehen hiru musika ikasturteak nahitaezkoak izango dira, baina haurrak planto egin dezake puntu horretan, bost egin beharrean. Jarraitzen badu, diploma lortzeko aukera izango du, hirugarren urtean geratuta, ez. Musika uzten duen haur horrek instrumentuarekin jarraitzen badu, nahitaezkoak izango du taldeetan parte hartzea, izan ere, Danbolinek taldeekin eragiten du herrian, trikiti taldea, banda, txistu taldea... Haurrei ez badiegu parte izatera behartzen, ezinezkoa izango da Orioko kulturan parte hartzea.

Zergatik uste duzu ikasleek ez dutela solfeoa ikasi nahi? 

Gogorra egiten zaielako, nahiz eta irakasteko modua asko aldatu den. Gela guztietan ordenagailu bana dugu, horrek zabaltzen digun mundu guztiarekin, arbel digitalak ditugu... aukera ikaragarria ematen digu horrek baina ikasle batzuk nahi duten bakarra instrumentua jotzea da eta ez dute ulertzen musika mintzairak duen garrantzia. Hizkuntza kontrolatu gabe posible da hitz egitea, baita jotzea ere, baina oso era mugatuan. Batzuei ordea ez zaie axola alderdi hori, eta nahiago dute dena utzi, jarraitu baino. Beraz, guk, ikasle horiek dena utzi baino nahiago dugunez gustura sentitzen direnarekin jarraitzea, bide berri bat emango diegu.

Ikasleek instrumentuak aukeratzeko garaian, sistema berdinarekin jarraituko duzue?

Bai. Sistema perfekturik ez dago. Garai batean librea zen instrumentuen aukeraketa, baina taldeko liderrak tronpeta esaten bazuen denek hori nahi zuten, gero pianoa esaten bazuen denak pianora. Horrek taldeetan belaunaldien arteko hutsune handiak egotea eragiten zuen, momentu bat iritsi zen bandarik ere ezin genuela sortu. Egoera hori bideratzeko modu bat landu behar genuen, eta Orion dauden haurrak daudela, guk ditugun ikasleekin talde guztietan norbait egotea lortzea oso zaila da. Bideratu beharra izan genuen sistema taldeak mantentzeko, eta hala ere zaila egiten zaigu.

Hala ere, ikasturtean zehar tailerra bukatzen dabiltzan haurrekin lanketa sakona egiten dugu puntu honetan. Haurrak normalean ez du obsesioa instrumentu batekiko, agian bakar batek oso umea denetik badaki zein instrumentu ikasi nahi duen baina 20tik bat izaten da. Besteak erraz bideratzen dira. 

Zertan datza lanketa horrek?

Instrumentu guztiak erakusten dizkiegu ikasturtean zehar, probatzeko aukera ere izaten dute. Irakasleak jaisten dira erakustera. Hirugarren hiruhilekoan, gainera, ikasleek gurasoekin etortzeko aukera dute instrumentua hobeto ezagutzera eta probatzera. Ondoren, haurrak hiru aukerako zerrenda egiten du eta guk horren arabera bideratzen ditugu instrumentu batera edo bestera, filtro batzuk pasa ostean: hasteko, eta tailerreko zenbat ikasturte egin dituzun, eta bestetik ea Oriokoa zaren.

Kalean geratzen da instrumentu bakoitzeko bi plaza bakarrik daudela baina ez da ulertzen egoera. Nik guraso bezala ulertu dezaket ez dela egokia, baina musika eskolaren zergatia entzutean ulertzeko modukoa iruditzen zait. Beste musika eskolekin ere hitz egiten dugu eta ez dago sistema perfekturik, beti dago akatsen bat. Zaila da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!