Hondartza denboraldiari hasiera eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak

Baleike.eus 2019ko eka. 5a, 18:10
Hondartza denboraldi hasiera eman diote Zumaian. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako hondartza guztiei zerbitzua emango dien bideo monitorizazio sistema ezarri dute. Herritarren segurtasuna bermatzeaz gain, klima aldaketaren eragina ezagutzeko erabiliko dute sistema.

Ingurumenaren Nazioarteko Egunez, udako hondartzaren irekiera ekitaldia egin dute gaur Zumaiako Itzurun hondartzan. Herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzea eta hondartzen egoera zaintzea ezinbestekoa dela nabarmendu du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak; ildo horretan, uda sasoian garatuko dituzten ekimenen berri eman du. Hain zuzen ere, bideometria sarea ezarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako hondartza guztietan.

Asensioren arabera, bideometriari esker, erabiltzaileen dentsitatearen inguruko informazioa ezagutu ahal izango dute. Korronte eta olatuen mapak egiteko ere balio du, bainularientzat arrisku gehieneko bainu guneak zehaztuz. Uda sasoian zehar hondartzaren forma aldaketen berri ere emango du, eta klima aldaketak hondartzan duen eragina aztertu ahal izango dute.

Beste erakundeekin elkarlanean
Erakundeekin elkarlanean abiatutako ekimenak ere izan ditu hizpide: hain zuzen, Emaus Gizarte Fundazioarekin batera, hondakinak modu egokian biltzearen inguruan kontzientziatzeko Hau ez da txantxa kanpaina garatuko dute. Emauseko Begoña Cabeleiro kidearen hitzetan, osasun arazoa ere bada plastikoaren kutsadurarena. Arazo hori oinarri hartuta herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin Gipuzkoako hondartza guztietan izango dira Emauseko kideak. Helduei zein haurrei zuzendutako tailerrak prestatu dituzte, jokoen bitartez gaia lantzeko. Plastikoak itsasoan pilatu ez daitezen, gizarteak eta instituzioek egin beharreko lana nabarmendu du Kortak.

Herritarrak babestera bideratutako beste kanpaina bat ere izango da hondartzetan. AECC minbiziaren aurkako elkartearen laguntzarekin, larruazaleko minbiziaren kontrako prebentzioa landuko dute. Maider Sierra AECCko Gipuzkoako kideak azaldu duenez, eguzkitan denbora luzez egotearen ohituraren arriskuak lantzeaz gain, bizi-ohitura osasungarrien inguruan ere informazioa zabalduko dute. Unitate mugikorren bidez garatuko dute kanpaina, ekainaren 18tik uztailaren 31ra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!