"Puntu Koma web serieak harrera bikaina izan du nazioarteko jaialdietan"

Karkara 2019ko eka. 8a, 12:00

Iñake Irastorza aktorearen lan berria estreinatu berri da interneten. 'Puntu Koma' web seriean parte hartu du oriotarrak, eta proiektuaren nondik norakoak izan ditu hizpide.   

Zein da zure pertsonaia Puntu Koma web seriean?
Ni Puntu koma web seriean Arrate naiz, seme baten ama. Ospitaletik dei bat jaso dut, nire semea koman dagoela esanez, eta hor hasten da istorioa. Bertara agertzen naizenean, ohartzen naiz ez dakidala ezertxo ere nire semearen bizitzaz. Gelara sartu orduko ezagutzen ez dudan mutil bat aurkitzen dut bere ondoan, eta denbora pasa ahala jende gehiago agertzen da. Arrate oso ama zorrotza da, ikuspegi bakar batetik ikusten baititu gauzak, eta hortik ateratzen den guztia gaizki dagoela iruditzen zaio. Gainera, ospitalean bizi duen egoera gogor horretan, muturreraino eramaten ditu bere tentsioa, egonezina, aurreiritziak eta izateko modu dominantea. Izateko era zakar horrek inguru guztia kutsatzen du.

Dena dela, inguruan dituen pertsona horiekin hartu-emana duen heinean konturatzen da, ez direla zuri edo beltz. Aniztasuna onartzen hasten da, eta horrekin batera samurtzen joaten da.

Zer moduz sentitu zara paperean?
Hasieran beldurra eman zidan Arreteren paperak. Nire iritziz aberatsagoak dira kolore askotako pertsonaiak, eta zaila iruditzen zitzaidan pertsonaia honi kolorea ematea. Dena dela, papera lantzen nindoan heinean gero eta erosoago sentitu nintzen pertsonaiarekin, eta orain oso gustura nago.

Zure ukitua eman al diozu Arrateri?
Ezinbestekoa da pertsonaiari nork bere ukitua ematea. Aktoreok pertsonaia lantzeko dugun tresna gure gorputza da, pertsonaiaren trajea gure gorputza baita. Bakoitzak gure ukitu berezia dugu, beste inork ez duena, horregatik da garrantzitsua arlo hori ere lantzea. Gure gabeziak eta bertuteak kontutan izan behar ditugu pertsonaia jorratzerakoan.

'Puntu Koma' weberako seriea da eta kapitulu bakoitza hamar minutukoa da. Formatu horretarako lan egitea desberdina izan al da?
Beti bezala presaka ibili gara. Ordubeteko pelikula bat grabatu genuen, hamar minutuko kapituluetan emateko. Oso lan intentsua izan zen, hamar egunean grabatu behar izan baikenuen. Gaur egun horrela etortzen dira proiektuak, eta denboraren aurka lan egin behar izaten dugu.

Dena dela, oso pozik nago, oso lan txukuna egin dugulako. Lan talde guztiak ahal dugun guztia eman dugu, eta uste dut nabaritzen dela web seriean. Bestalde, aipatu nahi dut, teknikarien %60a inguru eta aktoreen %50a emakumeak izan garela.

Zer harrera izan du web serieak ikusleen artean?
Asteartetik ikusgai da lehen kapitulua ETBren webgunean, eta astelehenetik aurrera ETB emango dute astean behin. Webgunean ikusi dutenei gustatu zaie, eta txarra iruditu zaienak ez zaizkit beren iritzia ematera etorri. Itxaron egin beharko da publikoaren erantzuna ezagutzeko.

Horrez gain, kontutan hartu behar da, astean behin hamar minutuko kapitulua emitituko dutela. Kapitulu laburra da, eta ez dakit publikoa gogoratuko den web serieaz. Asko harrapatu behar zaitu serieak gogoratzeko, eta hori erronka izango da. Oraingoz ez dakigu web serieak aurrera jarraituko ote duen

Dena dela, hainbat sari eta izendapen jaso ditu web serieak nazioarteko jaialdietan, ezta?
Bai, hemen estreinatu baino lehen, munduan zehar ibili da, eta oso harrera ona izan du nazioartean, Asian eta Estatu Batuetako jaialdietan. Hiru sari jaso ditu. Horrez gain, asteazkenean jakin ganuen Seuleko jaialdiko hautagaien artean dagoela Puntu Koma

Zuri ere Puntu Koma seriean egindako lanagatik aktore onenaren sarirako izendatuta zintuzten Miami Web Fest jaialdian?
Bai, hala da. Niretzat berria da web serieen mundua, baina oso pozik nago. Horrelako izendapenek nire eta nire lankideen lana aitortzen dutela uste dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!