"Antxoaren kanpaina amaituta, hegaluzearena prestatzen ari gara"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko eka. 7a, 09:43
Orioko Arrantzaleen Kofradiako presidente Jon Mujika.

Arrantzaleak itsasontziak hegaluzetara ateratzeko prestatzen ari dira egunotan. Lan horretan harrapatu du KARKARAk Jon Mujika Orioko Kofradiako presidentea.

Eskualdeko arrantzaleek amaitu berri dute antxoaren kanpaina, eta Orioko Arrantzaleen Kofradiako presidente Jon Mujikak (Orio, 1964), balorazioa egin du; bestalde, Kofradia Zaharraren eraisketa ere izan du hizpide.

Antxoaren kanpaina bukatu berri duzue. Zer moduzkoa izan da?
Astearte gauean itxi ziguten antxoaren kanpaina. Bigarren seihilekoan kuotaren %10a arrantzatu ahal izango dute udan bertan geratzen diren itsasontziek, baina gehienok amaitu dugu. Egia esan, antxoa badago itsasoan eta ondo arrantzatu dugu. Hasiera batean harrapatu genuen antxoak tamainu txiki samarra zuen, baina kanpainak aurrera egin ahala handitu da. Prezioari dagokionez, bataz beste, 1,35 eurotan saldu dugu antxoa kiloa. Arrain asko dagoenean prezioa jaitsi egiten da, eta hori gertatu zaigu aurten. Dena dela, kilo asko harrapatu ditugunez, kostera ona egin dugu.

Zuentzat garrantzitsua izaten da antxoaren tamaina, ezta?
Bai, gure erosle nagusiak kontserbagileak izaten dira, arrantzatutakoaren zati txiki bat izaten baita freskoan saltzeko. Kontserba industriarentzat oso garrantzitsua izaten da arrainaren tamaina, eta uste dut aurtengoa ere urte ona izan dela kontserbagileentzako.

Orain atsedenalditxoa hartu al duzue?
Hegaluzetara joateko prestatzen ari gara orain. Azken urtetan txitxarroa asko jaitsi da, eta ez da sardina garaia ordaindik, beraz, itsasontziak prestatzen ari gara hegaluzearen kanpaina abiatzeko. Normalean San Pedro Jaien ondoren ateratzen gara hegaluzetara, baina iaz esaterako, lehenago itsasoratu ginen, arraina bazegoelako. Ez da normalena hegaluzea uztaila aurretik Kantauri itsasora gerturatzea, baina iaz gertatu zen.

Nola jakiten duzue hegaluzea inguruan dabilela?
Itsasontziekin edo belaontziekin denbora pasa edo aisialdiko arrantza egitera itsasora ateratzen diren herritarrek abisatu ohi digute. Iaz ere horrela atera ginen.

Aurtengo hegaluze kanpaina, iazkoa bezalakoa bada, konforme al zaudete?
Iazkoa bezalakoa izatea nahiko genuke. Pasa den urtean bi hilabetetan hegaluzearen kuota osoa harrapatu genuen, eta irailean berriz ere oporretan geunden. Oso kanpaina ona izan zen.

Azken urtetan kostera onak egiten ari zarete. Gustura al zaudete?
Ez dugu kexarik. Arraina badago, eta berdela, antxoa eta hegaluzea oso ondo arrantzatzen ari gara. Datozen kanpaina ere ona izatea espero dugu.

Gaiaz aldatuz, Orioko Kofradia Zaharra eraisteko proiektua zertan da?
Orioko Udalak kofradia zaharra botatzeko lizentzia eman du, eta guk eraiste lanak egiteko enpresa kontratatu dugu. Portu Zuzendaritzak baimena eman digu, eta Kosta Zuzendaritzaren oniritzi txostenaren zain gaude. Beraz, kofradia zaharra laster eraistea espero dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!