Hainbat oriotar omendu dituzte TKEren galan

Karkara 2019ko eka. 10a, 16:00

Larunbatean egin zuten Traineru Kluben Elkartearen gala, Donostiako Kursaalean. Besteak beste, Mikel Orbañanos eta Itziar Olasagasti omendu zituzten, eta baita Berdin-Berdinak Kirol Elkartea ere.

Aurki hasiko da TKE Liga; ekainaren 22an Eusko Label Liga, eta 29an Euskotren Liga, hain zuzen. Pasa den larunbatean Traineru Kluben Elkarteak gala egin zuen Donostiako Kursaalean. Iazko denboraldiko protagonista batzuk omentzeaz gain, datorren denboraldirako motorrak berotu zituzten ekitaldian. Sari banaketa ere izan zen, eta hainbat oriotar saritu zituzten.

Itziar Olasagastik 17 urte bete ditu Orio Arraunketa Elkartean, eta izan duen ibilbideari aitortza egin zioten larunbatean. Hala, Urrezko Arrauna jaso zuen Olasagasti arraunlariak. Mikel Orbañanosek, aldiz, entrenatzaile onenaren saria irabazi zuen. Entrenatzaile guztiek hparte hartu zuten saritua erabakitzeko bozkatzean, eta Orbañanos izan zen boto gehien lortu zituena. 2002. urtean hasi zen Hondarribia Arraun Elkarteko senior mutilen entrenatzaile modura, eta lan horretan jarraitzen du egun ere.

Bestalde, Berdin-Berdinak Kirol Elkartea omendu zuten galan; kirol merezimenduaren saria jaso zuten taldeko kideek. 2012. urtean sortu zuten Berdin-Berdinak, Orion, "aniztasun funtzionala duten pertsonen premiei erantzuteko".

Irudiak: TKE eta Joxemari Olasagasti

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!