Semaforo bidezko sistema ezarriko dute Euskotren eta Eusko Label ligetan

Karkara 2019ko eka. 10a, 19:00
(Eusko Label Liga)

Hemendik aurrera, semaforoek markatuko dute estropaden irteera unea, eta ez epaileek astindutako banderek.

Datozen asteetan hasiko da TKE Ligako denboraldi berria; ekainaren 22an izango da Eusko Label Ligako lehen estropada, eta 29an, Euskotrenekoa. Berrikuntza bat izango da datorren sasoian; semaforoek eta sirenek markatuko dute estropaden irteera unea, eta ez epaileek astindutako banderek.

Traineru Kluben Elkarteko bazkideek azken bileran erabaki zuten semaforo bidezko sistema ezartzea, Donostian. Hala, hemendik aurrera desberdina izango da estropaden hasierako unea. Txanda bakoitza hasi aurretik, epaileak lau traineruei dei egingo die euren irteera lekuan kokatu daitezen. Momentu horretan, itzalita egongo dira semaforoko argiak.

Argi gorria eta berdea

Ontziak lerrokatzen ari direnean, bi argiak keinuka hasiko dira, eta modu egokian kokatuta daudenean, kolore zuriko bandera altxatuko du epaileak. Jarraian lau traineruen izenak esango ditu uretako epaileak. Gero, "adi" oihukatu eta argi gorria piztuko da semaforoan. Geldiune bat izango da orduan, eta irteerarako unea iristen denean, argi berdea piztuko da. Sirena soinua ere entzun ahalko da orduan. Une zehatz horretan jarriko dute martxan kronometrajaea.

Epaileak talderen batek egindako irteera baliogabetzea erabakiz gero, argi gorria piztuko da aldizka, eta sirena hotsa ere entzungo da. Etenka piztu eta itzaliko diren argi gorri horiek ordezkatuko dute bandera gorria.

Erlojupeko estropadei dagokienez, irteera izan aurretik keinuka hasiko dira bi argiak, ontziak irteera egiteko tokian kokatu daitezkeela jakinarazteko. Bost segundo falta direnean piztuko da argi gorria. Irteteko unea iristean, kolore berdez tindatuko da semaforoa, eta soinua entzungo da. Balizko irteerarako 20 segundoak igarotzean, hurrengo trainerua ateratzeko bost segundo falta direnean, argi gorria piztuko da berriz. Bost segundo horien ostean, argi berdea eta soinua izango dira berriz, bigarren ontzia irteteko.

Hiru semaforo eremu bakoitzeko

Estropada eremu bakoitzean hiru semaforo kokatuko dituzte, 1/2 eta 3/4 kaleen artean egongo diren bi ontziren gainean, balizak baino 30 metro inguru atzerago. Bi semaforo izango ditu 0 kaletik hurbilen dagoen ontziak; bat arraunlariei zuzendutakoa, eta bestea, epaileei eta publikoari zuzendutakoa.

"Zehaztasun handiagoa"

Lourdes Garcia TKEren Batzorde Teknikoko arduradunaren arabera, sistema berriaren bidez "zehastasun handiagoa" lortuko dute irteeran eta kronometrajean. "Esan beharra dago sistema berri horrek ez duela epailearen lana baztertzen. Bien lana batuko da". Funtzionamendu berriaren bidez patroien eta arraunlarien "gaizkiulertuak" ekiditea da helburua, TKEko kideen arabera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!