OBB sofbol taldea emaitza txarrekin itzuli da Madrildik

Karkara 2019ko eka. 11a, 12:00

Asteburu honetan Kataluniara bidaiatuko du OBB sofbol taldeak Sant Boi taldearen aurka lehiatzeko.

Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldea Madrilen izan da asteburuan, Dridma taldearen aurkako partiduak lehiatzen, ligako bigarren faseko lehen jardunaldian.

Lehenengo partiduan, oriotarrek ligako pitcher hoberenetariko bati egin behar izan zioten aurre, Merlys Gonzalez kubatarrari. Partida hasieratik oriotarren taldea behin eta berriz saiatu zen eraginkortasunez bateatzen. Dridma taldea pixkanaka korrikaldiak gehituz joan zen eta OBBk defentsa ona erakutsi bazuen ere, ez zen nahikoa izan. Madrildarrak izan ziren nagusi 7-0ko emaitzarekin.

Bigarren partidan euskaldunek eta madrildarrek markagailua berdinduta mantendu zuten lehen hiru sarreretan zehar, baina laugarren sarreran Dridmak, OBBren defentsa akatsak aprobetxatuz eta zenbait batealdi on jotzeari esker, aurrea hartu zuen. OBBk beranduegi erantzun zuen azken sarreran bi korrikaldi sartuz. Dridma atera zen garaile berriz ere 10-3ko emaitzarekin.

Datorren asteburuan OBBk berriz ere kanpoan jokatuko du, oraingoan Katalunian. Sant Boi taldearen aurka aritzeko. Sailkapeneko 7.postua hobetzea dute helburu.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!