Larunbatean aurkeztuko dituzte Orioko traineruak

Karkara 2019ko eka. 12a, 12:00

Ate joka da traineruen denboraldia; asteburu honetan izango dira KAE-1, ETE eta KAE-2 ligetako lehen estropadak. Orioko hiru ontzik hartuko dute parte sasoian, eta larunbatean aurkeztuko dituzte datozen hilabeteetan horiz jantzita arraunean arituko diren taldeak.

Traineruen denboraldiaurrearen azken txanpan murgildu dira arraunlariak. Asteburu honetan izango dira KAE-1, ETE eta KAE-2 ligetako lehen estropadak; 22an Eusko Label Liga hasiko da, eta 29an, Euskotren Liga.

Orioko hiru ontzik hartuko dute parte datorren sasoian; senior emakumezkoek Euskotrenen, senior gizonezkoen A ontziak Eusko Labelen, eta senior gizonezkoen B ontziak KAE-2 ligan. Hala, gizonezkoen B trainerua izango da lehena arraunak hartzen; igande honetan, ekainak 16, Lutxanan jokatuko dute lehen estropada.

Hiru taldeak, plazara

Larunbat honetan, ekainak 15, datozen hilabeteetan horiz jantzita arraunean arituko diren hiru taldeak aurkeztuko dituzte Orion, jendaurrean. 19:00etan jarri dute hitzordua, Orioko Plazan. Bestalde, Hemengatoztink kanpainaren barruan, traineruan beren izenak jartzeko eskaera egiteko aukera izango dute herritarrek. 18:00etatik 20:00etara jarriko dute horretarako gunea, eta OAEko kideek azaldu dutenez, kanpainaren azken egunak izango dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!