"Ezustekoz betetako festa izango da Arrantzale Eguna"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko eka. 19a, 09:00

Ekainaren 30ean, San Pedro Jaien barruan, garai bateko arrantzale eguna ospatuko da Orion. 

Garai batean, urtero ospatzen zen Arrantzaleen Eguna Orion, eta aurtengo San Pedro jaietan berreskuratu egingo du herritar talde batek. "Gure helburu nagusia festa parte-hartzaileak sortzea izan da beti. Herritik eta herriarentzat sortutako jaia da gurea. Ohartu ginen, pixkanaka hainbat ohitura galtzen ari direla, eta herriko kultura transmititzeko aukera polita iruditu zitzaigun San Pedrotan mota honetako jaiak antolatzea". Duela bi urte Artzainak eta Inudeak gaitzat hartuta konpartsa egin zuten, eta iaz, Euskal Ezkontza antolatu zuten. "Aurten berriz, garai bateko arrantzale eguna egitea bururatu zaigu", azaldu dute antolatzaileek.

Antolatzaileek uste dute, konpartsa formatuak herritarrek jaian parte hartzeko aukera bikaina eskaintzen duela. "Ez dira dantza zailak izaten, horregatik herritar orok parte hartu dezake. Jakin badakigu, San Pedro Jaietan dantzariok emanalditxo bat egingo bagenu, ekimenak ez lukeela izango konpartsa moduan izaten duen arrakasta". Aurten esaterako 50 lagun aterako dira konpartsan dantzan, eta Salatxo abesbatzako kideak eta figuranteak kontutan hartuta, ehun lagun baino gehiago bilduko dira.

Aurreko urtetan bezala, antolatzaileek Arrantzale Egunean parte hartzera animatu dituzte herriko eragileak, eta erantzuna "inoiz baino hobea" izan dela aitortu dute. "Saregileek, arrantzaleek, Arkupe elkarteak eta elkarte gastronomiko gehienek jaian parte hartzeko gonbita onartu dute, eta oso gustura gaude erantzunarekin".

Kalejira kantuan 
Garai bateko arrantzale egunaren muina dantza eta kantua izango dira, eta Benta Zaharreko Mutiko Alaiek ere parte hartuko dute kalejiran. Kultur etxe atzetik irtengo da konpartsa, eta herria zeharkatzen duen heinean hainbat geldialdi egingo ditu. "Sarasua erretegiaren aurrean lehena, Niko tabernaren parean bestea, eta Arkaitz inguruan azkena. Hortik plazara joango gara, eta ekitaldia egingo dugu, antzerkia, kantua eta dantza uztartuta".

Emanaldian, arrantza munduari, arrantzaleei eta saregileei omenaldi txiki bat egitea da asmoa, herriko itsas ondarean bizirik mantentzeko egiten duten lana aitortzeko. "Ezustekoz betetako festa izango da», nabarmendu dute antolatzaileek.

Herria girotuz
Dantza eta kantu saioez gain, hainbat bitxikeria ere izango dira ekainaren 30ean, herrian zehar. "Plazan, garai batean bezala, antxoak garbitzen eta sarea josten egongo dira hainbat lagun". Horrez gain, elkarteen laguntzarekin, parrilak jarriko dituzte herriko hainbat txokotan, Ibai-Ondoko plazan, Kutixi kafetegiaren aurrean, Kale Nagusiaren hasieran, eta Kultur Etxe aurrean. Sardina erreak egingo dituzte gune horietan, baina antolatzaileek argi utzi dute, helburua ez dela sardina-jana egitea, herrian arrain usaina zabaltzea baizik, "betidanik Orioko bereizgarri izan den arrain erre usaina lortu nahi dugu, eta bide batez herritarrek sardinak dastatzeko aukera izango dute".

Oriotarrak eta bisitariak festa giroan murgiltzeko, herritarrak arrantzalez janztera ere animatu dituzte antolatzaileek. "Arrantzalez edo baserritarrez jantzi edo balkoiak apaindu ditzakete herritarrek. Goizean egingo dugun kalejira kantu-jira ere izango da, eta ederra izango litzateke herritarrak arrantzalez jantzi eta kantu-jiran parte hartzea. Festa barrutik bizitzea esperientzia zoragarria izaten baita".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!