Anuska Esnal Olidenek hartu du alkate makila

Karkara 2019ko eka. 15a, 09:34

Batzar aretoa bete egin da udalbatzar berria eratzeko eginiko bilkuran.

Lau aste pasa dira hauteskundeetatik, herriak datozen lau urteetako udal gobernuak eratzeko bere botoa eman zuenetik. Negoziaketa, urduritasuna eta intriga izan dira azken hiru asteetako dinamika udalerri askotan. Modu batean, baita Orion ere. Hauteskundeetako emaitzetan EH Bildu izan zer garaile, herriko historian lehen aldiz. 

Gaur, ekainak 15, larunbata, 9:00etan hasi da udalbatzar berria eratzeko eta alkatea aukeratzeko bilkura. Lehenik eta behin, legealdi guztietan egiten den bezala, adin mahaia osatu dute eta segidan, gainontzeko zinegotziek beren kargua zin egin eta alkatearen aukeraketa hasi da. Idazkariak orri zuri bana eman die mahai kideei, botoak idatzi eta berehala hasi da kontaketa. Anuska Esnal Olidenek sei boto lortu ditu, Lourdes Salsamendi Goñik, bost. Abstentzio eta boto zuri bana izan dira. Horrenbestez, Anuska Esnal izendatu dute alkate.

Kargu berria zin egin eta Joxe Anjel Zalduak emandako alkate makila jaso jaso du Esnalek. “Errespetuz, herritar guztientzat eta herriarentzat lan egiteko prest gaude. Esperientzia eta balio askoko taldea delakoa gurea. Horregatik, uneoro aipatu dugun elkarlanerako zubiak eraikitzen jarraituko dugu guztiekin, parte hartzea sustatuz eta herritik eraginez. Denontzako dagoelako lekua, denok egon behar dugulako”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!