Orioko emakume surflarien eta surferako gogoz daudenen topaketa izan da gaur

Karkara 2019ko eka. 16a, 12:02

Giro polita sortu da Orioko emakume surflarien topaketan. 9:30ean sartu dira uretara, bi ordu inguruz olatu gainean ibili eta hamaiketakoa egitera irten dira surflariak.

 

Goizean goiz eman diote hasiera "Orioko emakumeak surflari" ekimenari Antilla hondartzan. Orioko emakume surflarien ta surferako gogoz daudenen topaketa izan da gaurkoa. Goizeko 9:30ean elkartu dira surflariak OST parean. Arropaz aldatu, berotu eta uretara sartu dira denak batera.

11:30ak aldera arte ibili dira surf saioan eta ondoren hamaiketakoa egin dute Mola-mola tabernan. Bertaratu direnek "oso ekintza positiboa" izan dela adierazi dute: "Gaurko egunari esker hemendik aurrera uretara sartu nahi dugunerako egina dugu taldetxoa, giro polita sortu da denon artean, norbaitek olatua hartzen zuen bakoitzean txalo eta guzti egin diogu".

Aurrera begira beste topaketarik antolatu ez badute ere, horretarako asmoarekin dabiltza gaur bertaratu diren partaideak. Taldea, ordea, ez dela itxia azpimarratu dute. Surflaria den edo surferako gogoz dabilen edozein batu daiteke, materiala izan edo ez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!