"Zuzendaritza eredua aldatzea proposatu dugu, eta aurrerantzean hiru zuzendari izango ditu Ikastolak"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko eka. 20a, 11:48

Atzo Orioko Herri Ikastolako batzarra egin zen, eta Zigor Saizarrek jakinarazi zuen zuzendari kargua utziko duela. Ikastolan 25 urte beteko ditu Saizarrek, eta 13 urtez zuzendari lanetan aritu da.

ZIGOR SAIZAR - Orioko Herri Ikastolako zuzendaria

Orioko Herri Ikastolako zuzendaria izan zara 13 urtez. Zer balorazio egiten duzu?
Oso balorazio positiboa egiten dut. 13 urte egin ditut zuzendari lanetan, baina 17 urtez egon naiz zuzendaritza taldean. 2002an kargua hartu nuenean, Orioko Ikastola gaur egun dena baino asko txikiagoa zen. Azken bi hamarkadetan asko handitu da ikastola, ikasle aldetik, baita irakasle taldeari dagokionez ere.

Gainera, azpimarratu nahi dut, urte hauetan guztietan, pertsona hobe bat izaten lagundu didatela bidelagun izan ditudan guztiek, Ikastolako lankide, ikasle eta gurasoek, Artezkaritza Kontseiluko kideek, herriko eragileek eta udalean lankidetzan izan ditudan alkate eta zinegotziek. Guztiengandik asko ikasi dut arlo desberdinetan.  

Ingeleseko irakasle postura bueltatuko al zara?
Lehen buruan kolpea hartu eta euskara ahaztu zitzaion ingeleseko irakaslea nintzen. Urte hauetan asko ikasi dut kudeaketa eta pedagogia arloan, baina erdoildu egin da nire ingelesa, eta jakin badakit gaur egun Ikastolan ni baino ingeleseko irakasle hobeak badaudela. Horregatik, aurrerantzean Ikastolako orientatzailea izango naiz. Ikastola handitu den heinean orientatzaile pedagogikoaren figura faltan somatu baitugu, eta ni arituko naiz lan horretan.

Ikastolako komunitateari zabaldu diozun gutunean zuzendaritza taldean bidelagun izan dituzun lankideei eskerrak eman dizkiezu. Horien laguntza garrantzitsua izan al da zuretzat?
Hasieratik oso argi izan dut Ikastolaren gidaritza talde lanean egin behar dela, eta ez dela pertsona bakar batean oinarritu behar. Horregatik, Ikastolan pisua izan duten lagunei elkarlanerako gonbida egin nien, eta erantzun bikaina izan dut. Talde potentea izan dut beti alboan, eta zorteduna izan naiz, zuzendaritza taldeko kide guztiekin oso ondo moldatu naizelako. Elkarrengandik oso desberdinak bagara ere, oso babestua sentitu naiz berengandik. Batzuk pentsa dezakete, zuzendaritza taldeko bilerak oso serioak eta tentsio handikoak izaten direla, baina oso ondo pasa dut elkarlanean. Beren ondoan pasa ditut ikastolako gora-beherak, eta horregatik keinu berezia egin nahi izan diet, urte hauetan alboan izan ditudalako.

Erabaki al duzue zein izango den aurrerantzean Ikastolako zuzendaria?
Zuzendaritza eredua aldatzea proposatu dugu, eta aurrerantzean hiru zuzendari izango ditu Ikastolak. Orain arte zuzendari bakarra egon da, eta berak izan ditu ardura guztiak. Dena dela, hemendik aurrera ardura eta funtzio horiek zuzendaritza partekatu batean banatuko dira. Haur Hezkuntzako zuzendaria Miren Illarramendi izango da, Lehen Hezkuntzako zuzendaria Amaia Ugalde eta DBHko zuzendaria Lupe Altuna. Antolaketa berriarekin irakasleengandik gertuago egon nahi du zuzendaritzak, eta talde lanean indarra jarri nahi da, zuzendari orokor batekiko menpekotasunik egon ez dadin. Talde bikaina osatzen dute Illarramendik, Ugaldek eta Altunak; lanerako gogo handiz daude, eta ziur nago taldean lan bikaina egingo dutela. Hala ere, zuzendari gisa sinatuko duena, LHko zuzendari Amaia Ugalde izango da. Bera ere ingeleseko irakaslea da, eta funtzio berriak irakasle lanarekin uztartuko ditu. 

Etorkizun hurbilean, zein izango dira zuzendari horiek izango dituzten erronkak?
Ikastolaren erronka garrantzitsuena pedagogia arloan egiten ari garen berrikuntzei koherentzia ematea da. Datorren ikasturtean, zuzendariek, koordinatzaileek eta orientatzaileak lidergo pedagogikoan formazioa jasoko dugu, Ikastolako inplementazio proiektua diseinatu ahal izateko. Gure helburua izango da, ikasleek saltorik edo desberdintasunik ez nabarmentzea etapa batetik bestera pasatzen direnean, hau da, HHtik DBHra ikastolako linea pedagogikoa definitzea. Bestalde, oso garrantzitsua izango da, Konfiantzaren Pedagogian egiten ari garen aurrera pausuak gurasoei helaraztea, eta horretarako, komunikazio plan sendo bat ere sortuko dugu. 

Beste mota bateko erronkak ere baditu Ikastolak, baina horiek Orioko Udalarekin egin behar dugun elkarlanarekin dute erlazioa. Izan ere, Ikastola barruan egiten ari garen eraldaketa pedagogikoei erantzuteko, kanpoko espazioak egokitu egin behar direla uste dugu, berdegune gutxi baitugu. Horregatik, zuzendaritza berriaren eta Artezkaritza Kontseiluaren ardura izango da gai hori Orioko Udalarekin lantzea.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!