Gizonezkoen ligako lehen bandera, etxera

Karkara 2019ko eka. 22a, 21:46
Oriotarrak, gaurko garaipena ospatzen (Aitor Arrizabalaga)

Gaur hasi da arrauneko Eusko Label liga Bilbon, eta oriotarrak nagusitu dira bertan, Santurtziren aurretik. Ia 13 segundoko aldea atera diete oriotarrek santurtziarrei,19:31:22 denbora eginda. Bihar jokatuko da bigarren jardunaldia, Zierbenan.

Liga bikain hasi dute Jon Salsamendiren mutilek. Erraz gailendu dira Bilbon, bigarren izan den Santurtziri ia 13 segundo aterata. Hirugarren tandan egin dute arraun oriotarrek, Hondarribi, Urdaibai eta Zierbenarekin batera. 04:42an egin dute lehen ziaboga, 09:32an bigarrena, eta 14:37an hirugarrena. Lan guztiak, berriz, 19:31:22 denboran egin dituzte.

Santurtzi sailkatu da bigarren, 19:43:80 denbora eginda. Ziabogak alderatze aldera, santurtziarrek honako denboretan egin dituzte: 04:50, 09:42 eta 14:49. Hain zuzen, Salsamendik HITZAri orain gutxi adierazi zion aurten inoiz baino talde gehiago arituko direla goi mailan, banderak irabazteko lehian. "Esperientzia handiko arraunlariak fitxatu dituzte Santurtzik eta Donostiak. Aurreko denboraldian hasi ziren muturra sartzen ohorezko txandan, eta aurten goi mailan izango direla uste dugu". Gaur erakutsi du indar hori Santurtzik, baina oriotarrek erraz irabazi dute.

Bihar Zierbenan izango da ligako bigarren jardunaldia, 12:00etan hasita. Orduan ikusiko da oriotarrek eusten dioten gaurko mailari, eta beste zein talde nabarmentzen diren liga hasiera honetan.

Gaurko emaitzak hemen ikus daitezke.

       

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!