Sanpedroetako pilota jaialdia izango da larunbatean

Karkara 2019ko eka. 25a, 16:30

Haurren eskuz binakako finalak, Euskal Herriko emakume nagusi onenen esku-pilota partida eta gizonezkoen sanpedroetako gomazko paleta txapelketa herrikoiaren finala jokatuko dituzte larunbatean. Orioko pilotalekuan izango dira norgehiagokak.

Ostiralean hasiko dira Orioko San Pedro jaiak. Egitarauaren barruan, sanpedroetako pilota jaialdia izango da larunbatean, Orioko pilotalekuan. 17:00etan hasiko dira partidak.

Haurren eskuz binakako finalak jokatuko dituzte lehenengo. Benjamin mistoak hasiko dira; gero, benjamin mutilen txanda izango da; jarraian, alebin neskak arituko dira; eta azkenik, alebin mutilak. Hain zuzen, ondorengoak izango dira lau finalak:

  • Benjamin mistoa: Izagirre-Frias - Ortiz-Erguin
  • Benjamin mutilak: Amilibia-Iriondo - Uranga-San Sebastian
  • Alebin neskak: Arruti-Beldarrain - Orbañanos-Recio
  • Alebin mutilak: Sarasola-Sukia - Prignot-San Sebastian

Gazteenen norgehiagoken ostean, Euskal Herriko emakume nagusi onenen esku-pilota partida jokatuko dute. Hain zuzen, Bidaniako Larrartek eta Aginagako Arrillagak jantziko dute kolore gorria, eta Gasteizko Garaiekin eta Andoaingo Mendizabalekin neurtuko dituzte indarrak.

Azkenik, gizonezkoen sanpedroetako gomazko paleta txapelketa herrikoaren finala izango da Orioko pilotalekuan. Lizaso eta Contreras arituko dira gorriz, eta urdinez, Lertxundi eta Iribar.

Bestalde, pilota jaialdiaren barruan, euskal produktuz osatutako saski bat zozkatuko dute ikusleen artean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!