"Zaintzen ditugun adinekoekin hitz egiteko tarterik ere ez dugu"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko eka. 26a, 10:00

ELA sindikatuak deituta, greban daude adinekoen egoitzetako langileak. Pati Fernandezek (1986, Cee, Galizia) urteak daramatza sektorean lanean, eta grebarekin bat egiteko arrazoiak azaldu ditu.

PATI FERNANDEZ - Adinekoen egoitzako langilea

Greban zaudete adinekoen egoitzetako langileak. Zer puntutan dago egun negoziazioa?
Bi urte daramazkigu lan hitzarmenik gabe, eta ez dago negoziaziorik martxan. Eusko Jaurlaritzak patronalari, sindikatuei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari arazoari irtenbidea emateko elkarrizketak abiatzeko deia egin die, baina aldundia ez da aurkeztu hitzordura. Bilera asko egin dira, eta sindikatuak eta patronala iritsi dira adostasunera.  Dena dela, arazoari irtenbidea eman nahi badiogu oso garrantzitsua da lurralde mailako erakundea hitz egiteko prest egotea, bera baita zerbitzua finantzatzen duena.

Greba egunetan nola antolatzen zarete adinekoen egoitzetan?
Gutxieneko zerbitzuak neurrigabekoak dira. Adinekoak garbitzeko orduan, eta gosari, bazkari eta afal garaian zerbitzuaren %80a bete behar dugu, eta gainontzekoan %70a.
 

Egoiliarrek nabarmentzen al dituzte grebaren ondorioak?
Beste greba batzuetan, %60ko eta %50eko gutxieneko zerbitzuak eskaintzen egon gara, eta askoz gehiago nabari izan dute. Batzuk aurpegiratu digute ez dugula zaintzen ditugun adineko pertsonengan pentsatzen, baina argi utzi nahi dugu, ez diegula kalterik sortu nahi, guk lortzen duguna beren onerako izango delako. Alde batetik, soldata igotzea eskatzen dugu, baita lan kontratu duina ere. Bestetik, ratioak handitzea ere aldarrikatzen dugu, hau da, langile bakoitzak egoiliar gutxiago artatu behar izatea.
 

Zein da gaur egun jarraitzen duzuen lan dinamika?
Erlojuaren aurka lan egiten dugu. Goizetan, esaterako, hamar minutu izaten ditugu adineko bakoitza garbitu eta janzteko, baina ez da nahikoa, egoiliar guztiek ez baitute egoera bera bizi; batzuk autonomoak dira, bakarrik garbitu daitezke, eta lagutza besterik ez diegu eman behar. Beste batzuen kasuan, aldiz, hamar minutu baino gehiago behar ditugu eguneroko garbiketa lanak egiteko. Oso neurtua dugu eguneroko lan dinakima, eta zaintzen ditugun adinekoekin hitz egiteko denborarik ere ez dugu izaten. Dena dela, uste dugu gertuko harremana izatea guztiz beharrezkoa dela gure lanean, egoitzetan bizi diren asko oso bakarrik sentitzen baitira, eta beren ondoan hamar minutu eseri eta berriketan aritzea behar-beharrezkoa dute. Ratioak handituko balira, langileok hobeto artatu ahal izango genituzke aitona-amonak, zentzu guztietan.

Kontratuak ere aipatu dituzue. Zein da sektorearen egoera aspektu horretan?
Aldi baterako kontratu asko dago, baita txanda motzez osatutako ordutegiak ere. Egun batean bitan edo hirutan lanera joatea eskatzen duten lanaldiak ere badaude gure sektorean: bi ordu goizean, bi ordu eguerdian eta beste bi ordu gauean. Baldintza horietan lan egitea oso gogorra da, eta langilearentzat ezinezkoa izaten da lana eta familia kontziliatzea. Hilabetea joan hilabetea etorri, lan baldintza horietan lanean dagoen pertsona asko nekatzen da.

Adinekoen egoitzetako eskaintza nahikoa al da eskariari erantzuteko?
Plazak falta dira, eta itxaron zerrenda luzeak dituzte egoitzetan. Horrez gain, herri askotan ez dago egoitzarik, eta beren ingurutik urrundu behar izaten dute adinekoek. Jakin badakigu, gaur egungo gizartean lanaren menpe bizi garela denok; horregatik, aitona-amonak herrian bertan dituenak egoitzan sartu-atera egin eta haiekin egoteko tartea hartzen du. Herritik kanpo dituena, berriz, gutxiago joaten da senideak bisitatzera, eta horrek bakardade sentimendua sortzen die adineko askori. Horregatik, uste dugu, gure sektorean garrantzitsua dela langileok adinekoei arreta osatuagoa emateko denbora izatea.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!