'Meza Nagusietan eta hiletetan sakratua da niretzat kantatzea'

Karkara 2019ko uzt. 1a, 11:00

Eguneko zentrotik atera eta Zaharren Babeslekura bidean, bisitan etorri dira kultur etxera Ramon Mari Oliden eta Mari Carmen alaba. Ez dira hilabete asko pasa Ramon Marik Elizako koroan kantatzeari laga zionetik, berriketarako eta Elizara joateko gogoa ez zaizkio ahitu ordea.

Zer moduz zaude Ramon Mari?
Ondo, ustez behintzat.

Oriotarra izanda, itsasoan ibilia izango zara, ezta?
Bai, San Antonion. 13 urtetan ibili nintzen itsasoan, eta gero, Alberto anaiaren bitartez, Michelinen hasi nintzen, lehorrean, jubilatu arte.

Orduan gehiago irabaziko zen ba itsasoan lehorrean baino?
Bai, nahi luke. Gainera, ondo ibiltzen ginen gu, oso arrantza onak egiten zituen gure baporeak.

Eta, hala ere, lehorrera.
Ezina etorri zitzaidan. Bronkiotako arazoak izan nituen, azkenean kamainetara ere jaitsi ezinik geratu nintzen, oso gaizki. Manuel Sarasua Arratolak eta Altxerriko Azentzio Lizarraldek bazuten nahikoa errukia nirekin. Goian, panelekin eta abar, niretzako propio leku bat preparatu zuten arnasa ondo hartu eta lo ondo egiteko. Kako lanetan ondo ibiltzen nintzen ni, baina azkenerako, hura ere ezin!

Ondo nengoela artean, behean makina ondoan egiten nuen lo, txukinezko, arto-buru hostotzezko, ohean. Bada, behin, moila zaharretik joandako arratoi handi bat bota behar izan nuen putzutara, bodegara gazta edo sardina zaharrak jatera joandakoa.

Eta musika, noiztik izan duzu afizio?
Gazte-gaztetatik. Soldadu Ferrolera joan nintzen, eta han ere musikari. Fiskornoa, tronpeta militarra, eman zidatenean hemen ostegunero jotzen genuen pieza –kantuan hasi da Ramon Mari– jotzen hasi nintzen komandantearen aurrean. Ez zidan lau nota jotzen laga! Hura ikusita, tronpeta bila etxera etortzeko esan zidan komandanteak. Ordurako, Joan anaiak, han egon baitzen hura ere, esana zidan etxera bueltatzeko permisoa izan nezan: instrumenturik ez eraman behintzat, e! Gero bila etorri beharko dek eta. Eta horrela, hasieran lau eguneko baimena eman zidaten, baina lau gutxi zirela esan eta, azkenean 15 eman zizkidaten. Hala eta guztiz ere, bi urte pasa behar izan genituen Ferrolen.  Egun guztia musika jotzen pasatzen genuen, jura banderak egiteko eta.

Dantzan ere iblilia zara?
Bai dantzan ere bai, geroztik. Dantzari txikitan eta abar. Eta bandaz aparte, txarangan eta, orain dela gutxi arte, otxotean ere bai.

Oriotar askok Elizan ezagutu zaitugu kantari.
Urte askoan aritu naiz bai. Don Santiagorekin ibili ginen, Azurzanekoa piano jotzaile genuela, eta Don Soterorekin ere bai, pentsa. Soldadu joan aurretik hasi eta ia orain arte. Meza Nagusian eta hiletetan sakratua zen niretzat kantatzea. Karroan nagoenetik ezin gora igo.

Lotua izango zen ba zuretzat igandero Meza Nagusira joan
edo hileta guztietan kantatu beharra, ala?
Nik ez dut inoiz perezarik izan kantatzeko, normal egin dut beti, ohituta geunden eta. Eta kanpora ere, ez gara apenas atera izan. Bilbo aldera, estropadetara bakarrik!

Gustura beti.
Bai, akordatzen naiz, sanikolasetan bandarekin Felipe Arostegi edo Joan gure anaia zuzendari genuela, hiru edo lau pieza jo eta nola txikiteora joaten ginen, ordu erdiko deskantsoa egiteko. Hemen zer pasatzen da? esaten zuen jendeak. Baina, neskek ez zuten balsean egin nahi izaten mutilekin, eta guk hori ikusita: A bai? mutilekin ez? ba ez dute berak ere egingo! eta txikiteora joaten ginen kar, kar, kar.

Zer oroitzapen dituzu futbolinen inguruan? –Salon
Oliden aretoa Mari Carmen emazteak eta Ramon Marik
eramaten zuten. San Nikolas karkaran zegoen eta neskamutil
koskor pila bat juntatzen zen, futbolinean, ping
-pong-ean edo bilarrean jostatzeko–.
Jende mordo bat ibiltzen zen. Akordatzen naiz hasieran goiko solairuan ere futbolinak jarri genituela. Behin gora igo eta konturatu nintzen, ordea, porterian txapela jartzen zutela pilotarik ez barrura sartzeko, eta behera jaitsi genituen. Gero, goian, ping-pong-eko mahaiak San Antonio baporeko arrantzaleak. Dantzari Txikien egunean, plazan eskainitako saioa. jarri genituen, hura behetik erlojuarekin kontrolatuz
moldatu ginen, denboraren arabera ordaindu behar izaten zen eta.

Ondo moldatzen al zineten kaxkar jendearekin? Hasieran bai, hasierako mutil-koskorrak nobleagoak ziren. Gero, ordea, kontrolatu ezinik ibiltzen zen Mari Carmen, askotan bakarrik gainera. Hasieran herrikoak ibiltzen ziren gehienbat, baina gero Zarautz eta Usurbilgo jendea etortzen hasi zen eta haiekin ezin! Armarioak ere gilzapetu egin behar! Aldameneko Bosteko haria-koen futbolinean ere kristonak egiten
zituzten. Zerbeza edan ezkero akabo. Etorri ondo egiten ziren baina zerbeza bat edaten zuten garaian....

Eta hortxe ondoan, San Juan Elizpe soziedadeko presidente makina bat urtetan.
21 urte. Nire bigarren etxea zen. Joxe Zekorrak gazte batzuk bidaltzen zituen futbolinetatik bere etxera bokadillo bila. Hasiera txintxo-txintxo egiten zien errekadua, baina gero ezta diru truke ere. Mari Carmenek gaizki pasatzen zuen hura ikusten zuenean.
Herriko Txaranga

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!