"Nire futbol ibilbideak guztiz markatu nau arlo pertsonalean"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko eka. 28a, 11:57

Ainara Manterolak futbola utzi du, eta bere futbol ibilbidearen balorazioa egiteaz gain, erabakia hartzeko arrazoiak izan ditu hizpide KARKARArekin. 

AINARA MANTEROLA - Futbol jokalari ohia

Bizitza erdia futbolean jokatzen igaro duzu. Nolatan erabaki duzu futbola uztea? 
Barru-barrutik bizi izan dut futbola, eta pentsatzen nuen inoiz ez zela iritsiko futbola uzteko eguna. Hala ere, erabakia hartzea nahiko erraza izan da. Beti ilusioz eta bihotzez egin izan ditut gauzak, baina futbolarekiko nuen ilusioa itzaltzen joan da. Azken denboraldian, entrenamenduetara joatea pisutsua egiten zitzaidan, lehen eguneko momenturik onena izaten zenean. Izan ere, azken bi urteak gogorrak izan dira, eta horrek asko eragin dit motibazioan. Belaunean lesioa izan nuen, eta Bigarren Mailara ere jaitsi nintzen. Pixkanaka ilusioa galtzen joan naiz. Pentsatzen nuen etapa txarrak izango zirela, eta buelta emango niela, baina ez da horrela izan, bizitzan aldatu egin zaizkit lehentasunak. Pena ematen dit, baina beste proiektu batzutan murgilduta nago orain.

Hala ere, kirol munduarekin lotuta jarraituko duzu, ezta?
Errendimendua hobetzen edo lesioetatik errekuperatzen laguntzen diet kirolariei, baita, hastapenetan dauden herritarrei kirol munduan murgiltzen ere. Kirola da nire pasioa eta horretan jarraituko dut.

Urte asko igaro dituzu futbolean goi mailan jokatzen. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Oso urte onak izan dira. Nire futbol ibilbideak guztiz markatu nau arlo pertsonalean, eta gaur egun naizena naiz, futbol munduan pasatu ditudan une guztiei esker. Diziplina, sakrifizioa, ordena eta antolaketa oso garrantzitsuak dira kirolariontzat, eta horiek barneratu ditut. Kontuan hartu behar da, goi mailako futbolean jokatzen denean, bizitzako arlo guztietan eragina izaten duela. Ikasketak entrenamenduekin eta bidaiekin uztartu behar izaten dira, eta horretarako oso bizimodu antolatua izan behar da.

Ni neu oso zorrotza izan naiz beti, eta gauzak nahi bezala ateratzen ez zitzaizkidanean ez nintzen ondo sentitzen. Gauzei duten garrantzia ematen ere erakutsi dit futbolak, baita nire buruari huts egiten uzten ere; dena bikain ezin dela egin ulertzen eta gauzak lasaiago hartzen, alegia. Hanka sartzen ikasten da, eta okerra ikasbidea izan daiteke.

Pertsona hobe bat izaten lagundu al dizu futbolak?
15 urterekin hasi nintzen Realean Lehen Mailan jokatzen, eta ni baino askoz zaharragoko talde kideekin elkarbizi izan naiz urtetan. Presio handiko egoerak bizi izan ditut kirol arloan, eta horrek heltzen eta pertsonalitatea garatzen lagundu dit, baita erabakiak hartzen, jendearen aurrean hitz egiten edota zerbaitekin gustura ez banago adierazten.

Futbolean hasi zinenean pentsatu al zenuen inoiz goi mailara iritsiko zinenik?
Hasieran, niri kirol desberdinetan aritzea gustatzen zitzaidan, jolasa zen niretzat. Orioko Futbol Taldean hasi nintzenean, Lehen Mailan jokatzea nuen amets, eta ez nuen inoiz pentsatu ezinezkoa izango zenik. Egia esan, oso goiz izan nuen Realean proba txiki batzuk egin eta entrenamendu batzuetan parte hartzeko aukera; beraz, ez zitzaidan ezinezkoa iruditzen. Oso garrantzitsua izan da beti ilusioa bizirik mantentzea, ametsa egi bihurtzeko. Dena dela, Lehen Maila utzitakoan ohartu naiz goi maila oso polita dela, ametsa dela, baina hortik kanpora ere aukera asko dagoela.

Etxekoak garrantzitsuak izan al dira zure kirol ibilbidean zehar?
Gurasoek ez didate inoiz presiorik egin. Nik asko estutzen nuen neure burua eta gurasoak ni lasaitzen saiatu dira beti. Horrez gain, asko lagundu didate erabakiak hartzeko orduan. Beti harreman estua izan dugu, eta gertatzen zitzaidana eta sentitzen nuena kontatu izan diet. Nire ondoan izan ditut, laguntzeko prest. Horregatik, gurasoei eta ahizpari eskerrak eman nahi dizkiet.

Azken boladan, emakumeen futbola oihartzun handia izaten ari da komunikabideetan. Zer iruditzen zaizu?
Emakumezkoen futbola momentu onean dago. Gero eta laguntza eta babes gehiago du, erakundeengandik eta herritarrengandik, eta pozgarria da, urte askotan lan egin baitugu hori lortzeko. Emakumezkoen futbolaren gorakada horren atarian geratu naizela sentitzen dut, eta horrek pena ematen dit. Aldi berean, ordea, hori lortzeko egin behar izan dugun ibilbidearen parte sentitzen naiz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!