'Eta... zer gehiago?' kontzertua eskainiko du Xabier Lizasok larunbatean

Karkara 2019ko uzt. 3a, 12:00

Orioko Arraun Etxean aurkeztuko dute proiektua gaueko 22:00etatik aurrera, sarrera doakoa da.

Larunbat honetan, hilaren 6an, 'Eta... zer gehiago?' proiektu musikala aurkeztuko dute Orioko Arraun Etxean, 22:00etatik aurrera.  Andoni Egañak aurkezten duen emanaldia da. German Ormazabal eta Xabier Lizaso ditu aldamenean. "Bizitzan denok hartu beharrak izan ditugun erabakiez" doa gai nagusia. "Bi piano, bertsolari-idazle bat eta musika ona garai eta estilo desberdinekoak". Sarrera doakoa izango da, toki guztiak betetzen diren arte.
 
Honela dio emanaldiaren sarrerak: "Bi piano-jole eta bertsolari/idazle bat elkartu gara proiektu berri honi ekiteko. Lehendik elkarrekin lan eginak ginen baina inoiz ez bi piano aldi berean oholtzan direla. Emanaldiaren lehen berezitasunak horretan datza: bi piano-jole elkarrekin joaz oholtzan. Bi pianoetan joko ditugun obrek badute berezko pisu eta esanahia. Baina istorio bat kontatzeko baliatzea egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Eta istorio hori hitzez eta bertsoz kontatuko du Andoni Egañak.
 
Partikularretik abiatutako istorioa da baina unibertsalerako bidea aisa egiten duena. Hamazazpi- hemezortzi urterekin askok eta askok erabaki beharreko bidegurutze bat izaten dugu aurrean. Ikasten segi edo ez. Eta ikasten segitzekotan ze bide hartu. Hamazazpi-hemezortzi urterekin Xabier Lizasok eta German Ormazabalek ere izan zuten erabaki behar hori. Eta eskolan ikasketa-arduradunak zer ikasi behar zuten galdetu zietenean biek erantzun bera eman zuten: pianoa. Orduan, eskolan, etxean, kalean... pianoa ikasi behar zenuela esaten bazenuen hurrengo galdera segurua izaten zen: “Eta... zer gehiago?”.
 
Bi bide desberdin hautatu zituzten garai hartan Xabier eta Germanek. “Pianoa bakarrik!” tematu zen Xabier. German ez. Baina bizitzak berriz topo egitera ekarri ditu. Bi bide. Bi musikari. Bi piano. Bi zitza... Aukeratu beharra ez da ordea hamazazpi-hemezortzi urterekin eta ikasketa kontuetan bakarrik gertatzen. Beste mila gairen aurrean lana, familia, harreman pertsonalak, bizilekua... eta bizitzaren edozein unetan izaten dugu bide bat edo bestea hartu beharraren askatasuna eta mina".
 
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!