Bi banderarekin itzuliko dira oriotarrak A Coruñatik

Gizonezkoek eta emakumezkoek, biek irabazi dute Cidade Coruña-ko bandera. Errezibimendua gaueko 21:30ean izango da.

Asteburu borobila izan da Orioko Arraun Elkartearentzat. Atzo hiru traineruek beren estropadak irabazi zituzten, eta gaur, Galizian jokoan zen bandera eskuratu dute maila goreneko bi taldeek.

Emakumezkoek lehen postuan amaitu dituzte bi estropadak. Atzo 10:56,80ko denboran amaitu zuten, eta gaur, 11:36ko denbora egin dute, bigarren iritsi diren donostiarrei 20 segundoko aldea aterata. Hala, 15 punturekin, sailkapen orokorreko lehen postuan dira Orioko neskak; hain zuzen, bigarren doan Donostiarra Arraun Lagunek baino bi puntu gehiago dituzte. Sailkapen guztiak lotura honetan daude ikusgai.

Gizonezkoek ere bandera eskuratu dute, baina, hauen kasuan, laugarren amaitu dute gaurko estropada. Segundo hamarren gutxi batzuengatik eskuratu dute bandera oriotarrek, izan ere, atzoko estropadan Oriok 11 segundo atera zizkion Hondarribiari eta, gaur, Hondarribiak atera dizkio 11 segundo Oriori (20:42,32ko denbora egin dute). Epaileek ebatzi dute Oriorentzat dela garaipena, beraz, hirugarrenez eramango dute bandera etxera San Nikolas ontzikoek. Eusko Label ligan ere lehen postua tinko mantentzen du Oriok, 67 punturekin. Hondarribia da bigarrena oraingoz, Oriok baino 6 puntu gutxiagorekin.

Arraun Elkartetik jakinarazi dute errezibimendua 21:30ean izango dela.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!