"Orioko kanpinlarien hirugarren belaunaldia gustura etortzen da kanpinera"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko uzt. 9a, 19:00

Orioko Udalak deitutako oposizioan zuzendari plaza lortuta, Orioko Kanpinaren gidaritza hartu du Jone Olaskoagak (Orio, 1977). Ondo ezagutzen du sektorea oriotarrak, eta Orioko Kanpinaren berezitasunez eta aurretik dituen erronkez aritu da.

JONE OLASKOAGA - Orioko Kanpineko zuzendaria

Uda denboraldian bete-betean murgilduta dago kanpina. Zer moduzkoa izan da hasiera?
Ona izaten ari da. Normalean uztailaren hasieran Donosti Cup txapelketako parte-hartzaile askok ostatu hartzen dute kanpinean, eta horrek uda hasieran kanpina betetzen laguntzen digu. Aurten, bigarren aste honetan zehar jokatzen ari dira torneoa, eta bungalow guztiak beteta ditugu. Partzeletan aldiz, eguraldiaren eraginez, beste urteetan baino bisitarien joan-etorri handiagoa nabaritu dugu. Normalean garai honetan, oporraldia pasatzera etortzen da jendea karabanarekin, asko inguruko herrietatik iristen dira, eta lanean daudenak joan-etorrian ibiltzen dira. Eguraldi txarra dagoenean berriz, horiek etxera bueltatzen dira, eta hori gertatu da egunotan.

Bungalowak duela sei urte jarri ziren. Hauek lagundu al diote Orioko Kanpinari garai batean zuen erreferentzialtasuna berreskuratzen?
Erreferentzialtasuna eman diote bungalowek kanpinari, eta bezero mota berria erakarri dute. Familia turismoa da; kanpinak eskaitzen duen ingurumenaz eta giroaz gozatu nahi duena, baina zerbitzu guztiak eskura izanda; ez dira betiko kanpinlariak. Hala ere, baditugu, adinean aurrera doazelako, garai batean karabanarekin partzelara etortzen ziren eta orain bungalowetan ostatu hartzen duten bezeroak, karabanak eskatzen duen lana egiteko gai sentitzen ez direlako.

Familia giroa izateagatik nabarmendu da Orioko kanpina beti. Oraindik berezitasun hori mantentzen al du?
Bai, guretzat oso garrantzitsua da berezitasun hori mantentzea. Inguruko kanpinetan gazte kuadrillak biltzen dira. Horiek betetzen direnean Oriora deitzen hasten dira, eta argi dugu hori ez dela gure bezeroa. Guk kanpinera etortzen diren familiak gustura, lasai eta eroso egotea nahi dugu, eta parrandan dabilen gazte kuadrilla batek guztiz apurtu dezake giro hori. Esan behar da, Orioko Kanpinak eskaintzen duen giroari esker, bezero askok behin probatu, eta hurrengo urtean errepikatu egiten duela.

Bezero mota berria aipatu duzu. Hemen jarraitzen al dute udaro biltzen diren kanpinlariek ere?
Bai, noski. Horiek ere adinean aurrera doaz. Hala ere, haurtzaroan uda Orioko kanpinean pasa zuten gurasoek nahi dute beren seme-alabek beraiek kanpinean eta Orion bizi izan zituzten udako oporraldiak pasatzea. Orioko kanpinlarien hirugarren belaunaldia gustura etortzen da kanpinera; aitona-amonekin etortzen dira asko uda osoa pasatzera. Gurasoek umetan zituzten ohiturak transmititu dizkiete haurrei. Goizean, lehen bezala jaikitzen dira, eta bainujantzia jantzi, toalla bizkarrean hartu eta hondartzara joaten dira, haurrak zirenean egiten zuten bezala. Nik uste dut, garai bateko hondartza birjina hori dutela oraindik gogoan.

Kanpinarentzat ona al da belaunaldien arteko transmisio hori ematea?
Oso aberasgarria da, eta horrek bizia ematen dio Orioko Kanpinari. Betiko bezeroek Orioko Kanpina beren etxea dela sentitzen dute, eta Orio beren bigarren herria da. Horregatik, ulertzen dugu betiko bezeroaren leialtasuna baloratu egin behar dela, eta azken urtetan hartu diren erabakiek ildo hori jarraitu dute. Izan ere, kontutan hartu behar da, Orioko kanpinak aldaketa handiak jasan dituela azken hiru hamarkadetan; asko txikitu zen kanpina eta transformazio hori jasan zuten bezero askok hemen jarraitzen dute.

Etorkizunari begira zer erronka ditu Orioko Kanpinak?
Orioko Kanpinak ostatu emateko toki gehiago eskaintzea ez du helburu. Dena dela, Donejakue Bidea egiten duten erromesak eta taldeak hartzeko proiekturen bat martxan jarri nahi genuke, baina gaur egun kanpinean ditugun azpiegiturek ez digute horretarako aukerarik ematen. Etorkizunera begira berriz, dauzkagun zerbitzuak hobetzea da gure asmo nagusia. Igerilekua egokitzea, bertako irisgarritasuna hobetzea eta igerilekua denboraldi luzeagoan irekita izatea da gure helburuetako bat. Horrez gain, gune-soziala, kanpinean txabola bezala ezagutzen dena, eguneratu nahi dugu. Bestalde, aurtengo neguan, galdara gelan inbertsioa egingo dugu, eta eguzki energia aprobetxatzeko sistema ezarriko dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!