Arraunlariei errezibimenduak egiteko protokoloa adostu dute Orioko Udalak eta OAEk

Karkara 2019ko uzt. 9a, 15:30

Orio Arraunketa Elkarteak eta Orioko Udalak arraunlariei errezibimenduak egiteko protokoloa adostu berri dute. Hala, hainbat irizpide zehaztu dituzte suziriei, argazkiei edota txarangari dagokienez.

Traineru denboraldian murgildu gara dagoeneko, eta Orioko taldeek bikain hasi dute sasoia. Hala, aurrerantzean arraunlariei errezibimenduak egiteko protokoloa adostu dute Orio Arraunketa Elkarteak eta Orioko Udalak.

Azaldu dutenez, herriko arraunlariek asteburuan banderaren bat irabaziz gero, igandean egingo zaie harrera, 20:00etan Orioko udaletxean. Hala, bi suziri botako dituzte KAE ligako estropada bat irabaztean; hiru suziri TKE-Eusko Label ligako estropadan nagusitzean; eta lau suziri TKE-Euskotren ligako garaipenetan.

Bestalde, orain arte bezala, udaletxeko balkoira igoko dira taldekideak bandera erakustera eta astintzera. Dena den, udalak eta OAEk adierazi dute soilik arraunlariek izango dutela horretarako aukera. Haurrek udaletxera igo ahalko dute, baina ez balkoira.

Ondorengoa da udalak eta OAEk adostu duten protokoloa, osorik:

"LEHENA.- Harrera noiz egin: eguna eta ordua

Udalak eta Orioko Arraunketa Elkarteak adostutakoaren arabera, asteburuan egiten diren TKE eta KAE 2 ligetako estropadetan edo bestelakoetan herriko arraunlariek banderaren bat irabazten badute, harrera igande arratsaldeko 20:00etan egingo da udaletxean.

Estropadak urruti jokatzen direnean edo egoerak horrela eskatzen duenean, salbuespenak egin ahal izango dira ordutegian. Salbuespen horiek kirol-zinegotziak edo bere ordezkoak adostuko ditu kultura-zinegotziarekin, udaltzainburuarekin eta Orioko Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kideekin.

BIGARRENA.- Etxafuegoak

Arraunlariek estropada irabazten duten aldiro, etxafuegoak botako dira:

  • KAE ligako estropada bada, bi etxafuego
  • TKE-Euskolabel ligako estropada bada, hiru etxafuego
  • TKE-Euskotren ligako estropada bada, lau etxafuego

HIRUGARRENA.- Musikariak

Kultura-zinegotziak jakinaraziko die txarangako musikariei noiz den harrera-ekitaldia. Nolanahi ere, igande arratsaldeko 20:00etan diren harreretan, musikariak 19:30ean irtengo dira udaletxetik. Salbuespen diren kasuetan, kultura-zinegotziak jakinaraziko die ordutegia.

Behin harrera amaituta, musikariek aukera izango dute udaletxera igo eta arraunlariekin argazkia ateratzeko.

BOSGARRENA.- Txarangaren ibilbidea

Musikarien ibilbidea udaletxean hasiko da. Hortik herriko sarrerara igoko dira eta handik berriz ere Herriko Plazara etorriko dira kalejiran, arraunlariekin.

SEIGARRENA.- Argazkiak

Harrera ofiziala egin baino lehen, asteburu horretako talde irabazle guztien argazkia aterako da udaletxeko sarreran. Herritarrek, horrela, aukera izango dute arraunlariak eta sariak osotasunean ikusteko. Behin udalbatzarraren aretoan talde-argazkiak aterata, balkoian segurtasuna bermatzeagatik, irabazle-talde bakoitzak bere harrera propioa izango du.

ZAZPIGARRENA.- Haurrak

Balkoiak duen arriskua kontuan hartuta, haurrek ezin izango dute atera: udaletxera igo bai, baina balkoira, ez. Balkoian arraunlariek bakarrik jasoko dute herritarren omena."

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!