Osasuna erdigunera eramango dute Orion, hilaren 17an

Karkara 2019ko uzt. 11a, 14:48
Zarautz izan zen 'Uda osasungarria' kanpainaren lehen geltokia.

"Bizi ohitura osasungarriak sustatzeko asmoz" jarri dute martxan 'Uda osasungarria' kanpaina. Informazio eta jarduera gune ibiltaria izango da, eta herriz herri arituko dira datozen hilabeteetan. Uztailaren 17an geraldia egingo dute Orioko plazan.

Gipuzkoako AECC, Emaus eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, ekaina erdialdean jarri zuten martxan Uda osasungarria proiektua, Zarautzen. Maider Sierra AECC-ko kideak azaldu duenez, Gipuzkoa mailako egitasmoa izango da; herrialdeko hamaika txoko eta herritara mugituko dira, "bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko asmoz". Hilaren 17an, asteazkena, Orioko plazan egingo dute geraldia; 10:00etatik 13:00etara izango dira bertan.

"Orain arte, azaleko minbiziaren prebentzioaren inguruko lanketa egin dugu udako kanpainetan, baina aurten harago joan gara, eta bizi-ohituren inguruan hitz egingo dugu, orokorrean", esan zuen Sierrak Zarautzen. Hala nola "elikadura, bizitza aktiboa izatearen garrantzia, eta nola ez, eguzkia" izango dituzte hizpide kanpainan; egunerokotasunean presente dauden hainbat eremu ukituz, loturak eginez eta osasunaren inguruko ikuspuntu zabalagoa ehunduz. Horretarako, batez ere udan egiten ditugun jarduerak hartuko dituzte oinarri.

Orain arteko udako ohiko kanpainetan, AECC-ko kideek sortutako inkesta bat erantzun eta bete izan dute herritarrek, beren bizi-ohitura batzuen berri emanez. "Galdetzen genien ea noiz joaten diren paseatzera, ea nola babesten diren eguzki izpiengandik, ea hondartzara joatean noiz eta zer jaten duten, eta abar", zioen Sierrak.

"Hala konturatu ginen osasunarekin lotutako hainbat arlo baztertu egiten ditugula udako eguneroko bizitzan, adibidez, bizitza aktiboa edota elikadura osasungarria izatea. Badakigu guztiok nolabait lasaitu egiten garela hilabete hauetan baina Uda osasungarria proiektuaren bidez, erakutsi nahi dugu posible dela udan egiten ditugun hainbat jarduera modu osasuntsuan egitea. Esaterako, hondartzara edo mendira joan gaitezke, elikadura osasungarria bermatuz", azaldu zuen AECC-ko kideak.

Beraz, aurtengo udaren atarian abiatutako kanpaina "osatua" izateko ahalegina egin dute, osasunaren aurpegi ugari barnebildu ditzan: "Izan ere, badakigu minbizien %70ek loturazuzena dutela gure bizi-ohiturekin eta egunerokotasunean egiten dugunarekin". Hala, "ahalik eta informazio, ideia eta baliabide gehien eskaini" nahi dizkiete herritarrei, modu horretan, "beren osasunaren jabe izan daitezen".

Ingurumena eta osasuna

Aurten Emaus taldearekin elkarlanean aritu dira AECC-koak. Emausekoek batez ere plastikoa izango dute helduleku eta ardatz Uda osasungarria kanpainan, eta helduei zein haurrei zuzendutako lanketak egingo dituzte.

Besteak beste, "plastikoa nondik sortzen den eta egunerokotasunean ematen diogun erabilera" aztertuko dute, eta horrek guztiak ingurumenean duen eragina mahaira ateratzen ere saiatuko dira: "Askotan, itsasoan amaitzen du erabiltzen dugun plastikoak". Hala, auzi horri ere sendo helduko diote aurten, "plastikoaren erabilera murriztea" helburu.

Tailerrak herriz herri

Proiektuak barnebiltzen dituen hamaika gaiak herriz herri landu ahal izateko, tailerrak prestatu dituzte egitasmoa abiatu duten taldeetako kideek, kanpainaren egitarauaren barruan.

Herri bakoitzean bereziak izango dira tailerrak, Sierraren hitzetan, "herri bakoitzaren izatera egokitzeko ahalegina" egin baitute. Besteak beste, zunba tailerrak, janari osasungarria prestatzen erakusteko tailerrak, edota eguzki izpiek begietan duten eraginari buruzkoak antolatu dituzte. Beraz, informazio gune ibiltaria izateaz gain, jarduerak egin ahal izateko gune ibiltaria izango da Uda osasungarriak sortuko duena.

Hona hemen Ane Ubegun Goikoetxeak Gipuzkoako Hitza-n Maider Sierrari egindako elkarrizketa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!