"226 margolanez osatutako mural erraldoia egin dugu, 'Mendi' margolariaren omenez"

Karkara 2019ko uzt. 11a, 16:01
Atzo aurkeztu zuten 'Mendi' margolariaren omenezko murala.

Pintura eskoletan aritzen da Cristina Salsamendi. Aurten zendu da 'Mendi' margolaria, eta haren omenez, mural erraldoia sortu dute 15 margolaritza ikaslek. Artistaren lanak hartu dituzte ardatz.

Udaberriaren atarian zendu zen Juan Luis Mendizabal Mendi margolari zarauztarra. 91 urte beteko lituzke atzoko egunez, eta haren oroitzapenetan martxan jarritako egitasmoek ez dute etenik. Zarauzko Ebro Etxean pintura eskoletan aritzen diren 15 ikaslek haren omenezko mural erraldoia sortu berri dute, eta atzo aurkeztu zuten. Tartean da Cristina Salsamendi oriotarra.

Salsamendik 6 urte inguru darama margolaritzan murgilduta, eta ikaskideekin batera, taldean, erronka berriari heldu dio ikasturtearen amaieran: 226 margolan txikiz osatutako mural erraldoi bat egitea, Mendi irudikatuz. Itsasoa ikus daiteke atzean, baita Getariako San Anton mendia ere.

Oriotarraren hitzetan, txera handiarekin baina "oso gustura" egin dute lana. "Margolan txikiak pintatzeko, Mendiren lanak izan ditugu eredu. Berak sarri margotzen zuen Getariako arratoia, eta horrek badu isla muralean". Ikasleek kartoizko taulatxoak erabili dituzte, eta gero, egurrezko taula handi baten gainean itsatsi dituzte guztiak, puzzlea pixkanaka osatu eta Mendiri egur gainean tankeratzeko.

Salsamendik ez zuen margolaria hezur eta mami ezagutu, baina haren lanari bizia eman dio, Ebro Etxeko kideekin batera. Haren ondarea jaso eta egur gainean islatu dute, eta ez da hori elkarrekin duten ondare bakarra; guztiek dute margotzeko grina hatzetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!