Bihar hasiko da Bisiguaren Festa

Karkara 2019ko uzt. 11a, 17:30

Bihartik igandera bitartean, Bisiguaren Festak hartuko du Orio, hamabigarren urtez jarraian. Jatekoa eta edatekoa izango dira nagusi, baina jarduera kulturaletarako eta omenaldietarako tartea ere izango da. Martxelo eta Ana Mari Mancisidorrek jasoko dute Bisiguaren Laguna Oroigarria.

Datorren asteburuan ospatuko dute Bisiguaren Festa Orion, bihartik hasita, hamabigarren urtez jarraian. 20:00etan emango diote hasiera jaialdiari, 20:00etan herriko plazan; Salatxo abesbatzaren, Pello eta Nikolasa erraldoien eta Harribil dantza taldearen eskutik. Hala, festak hartuko du Orio, eta sabela betetzeko zein egarria asetzeko aukera izango da hiru egunetan zehar.

Guztira lau otordu nagusi barnebilduko ditu aurtengo Bisiguaren Festak, eta 500 bisigu inguru erreko dituzte parrileroek. Ostiralean izango da aurreneko otordua; 20:00etan Petritegi sagardoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek, eta 21:00etan afaria egingo dute.

Larunbatean ere izango da zer gozatua eta zer dastatua. Eguerdian, sagardoaz gain, marmitakoa eskainiko dute plazan. Jarraian izango da bazkaria; bigarren otordua. Horren ostean, Lau bertsolari eta bost ziaboga bertaratuko dira plazara, izen bereko bertso saioa eskaintzera. Amets Arzallus, Jon Maia, Sustrai Colina eta Alaia Martin bertsolariak ariko dira kantuan, hain zuzen. Gauean ere ez da jatekoa eta edatekoa faltako, sagardo dastaketa eta afaria izango baitira.

Igandean, jaialdiaren azken txanpari helduko diote oriotarrek. Eguerdian, nor baino nor arituko dira elkarte gastronomikoak, bisigua erretzen. Hegaluzea parrilan ere eskainiko dute egun horretan, eta aurtengo azken otordua izango da gero; 14:00etan hasiko da bazkaria, plazan.

Bestalde, omenetarako aukera ere izango da Bisiguaren Festan. Anuska Esnal alkateak aurkezpenean azaldu zuen "herriarena den nortasunetik abiatuz herriko arrantza giroa omentzea" dutela helburu, baina horretaz gain, aipamen berezia egingo diete zenbait herritarri: aurten Martxelo eta Ana Mari Mancisidor anai-arrebek jasoko dute Bisiguaren Laguna Oroigarria, biharko irekiera ekitaldian.

Hona hemen Bisiguaren Festako egitaraua, osorik:

Bihar, ostirala

  • 20:00. Bisigua Orio Estilora aurkezpen ekitaldia herriko Plazan. Salatxo abesbatzak, Pello eta Nikolasa erraldoiek eta Harribil dantza taldeak parte hartuko dute.
  • 20:00. Petritegi sagardo dastaketa.
  • 21:00. Afaria.

Uztailak 13, larunbata

  • 12:00. Petritegi sagardo dastaketa.
  • 12:00. Marmitakoa herriko plazan. Razioa bi euroan izango da salgai.
  • 14:00. Bazkaria.
  • 19:30. Lau bertsolari eta ziaboga bat bertso saioa herriko plazan. Amets Arzallus, Jon Maia, Sustrai Colina eta Alaia Martin bertsolariek abestuko dute, eta Unai Elizasu izango da gai-jartzailea.
  • 20:00. Sagardo dastaketa.
  • 21:00. Afaria.

Uztailak 14, igandea

  • 12:00. Bisigu erre lehiaketa herriko plazan, Orioko elkarte gastronomikoen artean.
  • 12:00. Petritegi sagardo dastaketa.
  • 12:00. Hegaluzea parrillan Eusko Labelen laguntzarekin. Razioa bi euroan izango da salgai.
  • 14:00. Bazkaria.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!