Bisigua, Orioko betiko erara

Karkara 2019ko uzt. 12a, 10:06

Bisigua jateko Orio bezalako herririk ez dagoela diote hango hiru erretegitako parrilariek. Asteburu honetan, Bisigua Orio Estilora festan ariko dira hirurak lanean. 'Gipuzkoako Hitza' astekariak festaren inguruko erreportajea argitaratu du.

Parrila kalera atera eta bisigua erretzen Orion izan ziren aurrenak, 1957an, Joxe Mari bodegoian. Hala diote herriko erretegietan urteetan parrilan jardun dutenek. Garai batean Orion “bisigua eta bisigua” beste arrainik ez zuten erretzen erretegietako parriletan, Luis Mari Uranga (Orio, 1957) Xixario erretegiko jabeak dioenez. “Lehen, hiru plater besterik ez genituen izaten gure etxean: tomate eta letxuga entsalada, bisigua eta txuleta. Gaur egun, ordea, denetik eskaintzen dugu, eta parrilan egindako bisiguaz gain, beste hainbat arrain ere erretzen dugu: legatza, erreboiloa, itsas-kabra, antxoak… Dena den, oraindik bisigua da nagusi Orion; alegia, bisigua erretzen dugu hamarretik zortzitan”.

Urangak lau hamarkada daramatza parrilan arraina prestatzen. “Aitari lekukoa hartuta, 1979. urtean hasi nintzen etxeko erretegiko parrilan. Jose Manuel anaiak ere jardun zuen, baina orain Gasteizen bere erretegia dauka hark”. Orioko erara prestatu izan dute beti bisigua. “Parrilan zuzenean jarrita, hala egin izan da beti herrian; bisiguak erretzeko Orion inoiz ez da izan erabili sarerik eta bestelakorik”.

Urangak bezainbeste urte egin ditu Jose Miguel Zendoiak (Mutriku, 1948) parrilan arraina prestatzen; bisigua Orioko erara, batik bat. Umetako amets bati segika heldu zion parrilako lanari. “Izatez mutrikuarra naiz ni, baserrikoa. Haurra nintzela, baserrian noizik eta behin txitxarro batzuk erretzen genituen parrilan. Beti gustatu izan zait, eta horretan jarduteko grina neukan”. Lanbidea, ordea, beste bat izan zuen gaztetan: “Autoen eta kamioien mekaniko jardun nuen”.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!