Iñaki Gurrutxaga ariko da aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Hamasei saio izango ditu irailaren 14an hasi eta abenduaren 14an bukatuko den Bertsolari Txapelketak. Guztira, 48 bertsolari ariko dira lehian, eta horietatik zortzi sailkatuko dira finalera. Txapelketarako txartela eskuratu du aurten Iñaki Gurrutxaga oriotarrak.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak badu hasiera data: irailak 14. Gaur aurkeztu dute egitasmoa Asteasun (Gipuzkoa), hangoa zen Pello Errota bertsolaria hil zela ehun urte betetzen direlako aurten, eta hari zein Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrari keinu egin nahi izan diolako Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.

Hamasei saio izango ditu irailaren 14an hasi eta abenduaren 14an bukatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Lehen saioa Oñatin izango da, eta finala, Donostiako Ilunben.

Guztira, 48 bertsolari ariko dira lehian Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta horietatik zortzi izango dira finalean. Lehian ariko diren bertsolarietatik 34k Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela, eta horiei beste 14 bertsolari batuko zaizkie –duela lau urteko finalaurrekoetara sailkatu zirelako lortu zuten txartela–. Txapelketaren aurtengo edizioan kantatuko du Iñaki Gurrutxaga oriotarrak.

Sarrerak irailaren 2an

Saio guztietarako sarrerak eta bonuak irailaren 2an jarriko dituzte salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezian eskuratu ahal izango dituzte sarrerak, eta horiek, gainera, bonua ere eskuratu ahalko dute. Bonu horrek finalerako ez beste saio guztietarako balioko du.

Txapelketaren abestia Don Inorrez taldeak egin du, Pello Errotaren heriotzaren urtemuga abiapuntu hartuta. Irudia ere abiapuntu beretik sortu dute, gainera. Aurkezpenean Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, irudiarekin bertso mugimenduak eta bertsolarien sormenak erroten gisan funtzionatzen dutela irudikatu nahi izan dute: “Askotariko gaiak uztartuz, emari etengabearekin, aleak xehatzen, apurka-apurka, eta emaitza horrekin elikatuz”.

Txapelketaren gaineko informazio guztia www.bertsozale.eus webgunean eskura daiteke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!