"Orioko arraunarentzat albiste pozgarria da herriko bi traineruk egun berean Gipuzkoako Txapelketa irabaztea"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko uzt. 18a, 13:00
Orio Arraunketa Elkartek presidente Ibon Huegun.

Orio Arraunketa Elkarteko presidente Ibon Huegunek nabarmendu du, elkarteko hiru traineruak liderrak direla Euskotren, Eusko Label eta KAE 2 ligetan.

Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen atzo Donostian, eta Orio izan zen txapelduna emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan. Lehenengo aldiz irabazi dute txapelketa Orioko emakumezkoek eta hamabigarrenez gizonezkoek; hala, Orio Arraunketa Elkartea edizio berean emakumezkoen eta gizonezkoen txapelketa irabazi duen lehen elkartea izan da.

Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritza taldea "oso gustura" dago emaitzarekin. "Orioko arraunarentzat albiste pozgarria da herriko bi traineruk egun berean Gipuzkoako Txapelketa irabaztea. Denboraldi bikaina egiten ari dira elkarteko hiru traineruak, lidertzan baitaude Euskotren, Eusko Label eta KAE 2 ligetan". Ibon Huegun presidentearen esanetan, "harrobitik hasita, elkartean egiten den lanaren" emaitza dira garaipenak. "Guretzat oso garrantzitsua da harrobiko arraunlariak traineru nagusian aritzea, eta horretarako lanean ari gara. Asteazkeneko estropadan esaterako, estreinakoz traineru nagusiarekin arraunean egin zuten bi arraunlari jardun ziren, Jon Lizarralde Altxerri eta Julen Arostegi. Horrez gain, Andoni Camposek eta Kepa Eizagirrek ere eman dute saltoa lehen taldera".

Emakumezkoen taldea ere denboraldi bikaina egiten ari dela nabarmendu du Huegunek. "Arraunlariek urteak daramatzate gogor entrenatzen, eta aurten urrats garrantzitsua egin dute. Atzokoarekin, bost estropada irabazi dituzte liga hasi denetik, eta liderrak dira Euskotren ligan. Uste dut, garaipenek emakumezkoen arraunari bultzada garrantzitsua emango diotela herrian".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!