"Nik euskaraz hasten ditut agerraldi guztiak"

Kilometroak.eus 2019ko uzt. 18a, 16:00

Entrenatzaile baino lehenago, futbolaria izan zen Imanol Alguacil Barrenetxea (Orio, 1971). 1990eko hamarkadan aritu zen futbolean, besteak beste Realean, eta iaztik hango entrenatzailea da. Hasierak, ordea, Oriokon eta Zarautz KEn egin zituen.

Larunbatean Zarauzko Asti zelaira itzuliko da, Realeko gizonen lehen taldearekin. Garai haiek gogoratzean, esker oneko hitzak ditu. Bestalde, Kilometroen aldeko partida izaki, euskaraz eta herriaz galdetu zaio batez ere.

Kilometroen alde jokatuko du Realak. Zein mezu helarazi nahi duzue?
Kilometroak gure gizartean aspalditik uztartua dagoen festa da eta Reala, Gipuzkoako erreferente nagusietako bat den heinean, beti dago gure ikastolen aldeko jaiaren alde. Egun polita izaten da, eta beti gaude prest gure laguntza emateko Kilometroen alde.

Zein da zuen lan hizkuntza, jokalari euskaldunekin euskaraz egiten al duzue?
Kontuan hartu behar da herrialde desberdinetako jokalariak ditugula eta ez dugula hizkuntza bakarra erabiltzen. Hala ere, euskaldunak diren jokalariekin euskaraz egiten dugu, noski.

Zure jokalari garaiko aldagela baino euskaldunagoa al da gaur egungoa?
Antzekoa. Euskarak beti izan du lehentasuna aldagelan. Egia da garai batzuetan besteetan baino jokalari euskaldun gehiago dagoela, baina orokorrean, egungo gazte gehienak euskal hiztunak dira.
Aurten Espainiako Lehen Mailan dauden bost euskal taldeetako entrenatzaileak euskaldunak zarete.

Eragingo al du horrek agerraldietako hizkuntza joeretan?
Ez dakit beste klubek zer egingo duten, baina nik agerraldi guztiak euskaraz hasten ditut. Dena den, bost entrenatzaileak euskaldunak izatea harro egoteko modukoa da.

Denboraldi-aurreko partida bat Zarautzen jokatuko duzue, zelai txiki batean, punta-puntakoa ez den batean. Eskertuko duzue zaleen gertutasuna, ezta?
Plazer handia da Gipuzkoako herrietan jokatzea. Herrietako zaleek ez dituzte aukera asko jokalariak gertutik ikusteko, eta horrelako partidek hori ahalbidetzen dute. Partida horietan zaleak hain gertu izatea eta beraien berotasuna sentitzea oso polita da.

Gustatzen zaizue Gipuzkoako herrietara jokatzera joatea, beraz?
Noski, beti da berezia. Reala gipuzkoar denon taldea da eta hori nabari da udan lagunartekoak jokatzera joaten garenean edota denboraldian zehar herriko zelaietara entrenatzera joaten garenean. Aurreko denboraldian Mutrikun eta Villabonan izan ginen, jendetza izugarria gerturatu zen, eta hori eskertzekoa da.

Orion eta ondoren Zarautzen egin zenituen lehen urratsak entrenatzaile gisa, eta urte batzuk geroago Realeko gizonezkoen talde nagusiko entrenatzaile gisa itzuliko zara Zarautzera. Zein burutazio eragiten dizu?
Lehendabizi, esker onekoa. Beraiek izan ziren nigan konfiantza jarri zuten lehenengoak, eta hori ezin da ahaztu. Hasierako pausoak eman nituen, bizitza bi herri horien artean egiten dut. Etxera itzultzen naiz.

Zein helbururekin ekingo diozue denboraldiari?
Abuztutik maiatzera sailkapen helburu bat jartzeak ez du askotarako balio, egunerokoan dago gakoa. Aurreko denboraldian ez genuen nahi izandako erregulartasun hori lortu astetik astera, hortan jarriko dugu arreta guztia. Maila altuan lehiatzeko gai garela erakutsi dugu, erregulartasun puntu hori lortuta gauza politak egingo ditugu.

Taldea asko gaztetu duzue. Zein traza hartzen diozu?
Jokalari gazteekin lan egiteko ohitura badaukat, urte asko eman ditut Sansen eta harrobiko taldeekin. Talde barruan esperientzia handiko jokalariak ditugu, eta etorri berri diren gazteei laguntzeko prest ageri dira lehen egunetik. Hala ere, Isak Borussia Dortmundetik dator eta Odegaard Real Madrileko jokalaria da, biak nazioartekoak beren herrialdeekin.

Racing igo egin da aurten. Nolako partida espero duzue?
Racing ez da arerio erraza izango. Aurreko urtean maila bikaina eman zuten Bigarren B Mailan, eta maisuki igo ziren. Jordi Figueras, Alvaro Cejudo, David Barral… Denok ezagutzen ditugun jokalariak dira, eta estu hartu behar izango ditugunak partidan zehar. Hala ere, uda sasoiko partida hauen helburuak garaipenetik haratago doaz. Lesiorik ez izatea eta konpetizio erritmoa hartzen joatea dugu buruan orain.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!