Karela Torneoa antolatu du Orio Eraginek larunbaterako

Karkara 2019ko abu. 13a, 09:30
(Barakaldo Digital)

"Eragin klubaren sorrera ospatzeaz gain, klubari bultzada emateko" asmoz antolatu dute I. Karela Torneoa. Donostiako Bera Bera eta Barakaldoko HGB Zuazo taldeek neurtuko dituzte indarrak, Karela kiroldegian.

Maiatzean eman zuten Orio Eragin Eskubaloi Klubaren berri. Hala, klub berria osatzen duten taldeen ibilbidea datorren ikasturtera arte hasiko ez den arren, ekainean hasi ziren motorrak berotzen, eta eskubaloi udalekuak jarri zituzten martxan. Abuztuan ere ez du etenik izango eskubaloiak; izan ere, Karela Torneoa prestatu du Eraginek, datorren larunbaterako.

Antolatzaileen arabera, "goi-mailako taldeek parte hartzea da helburua". Hala, iragarri dute "emakumeen eskubaloian dauden euskal talde garrantzitsuenek" hartuko dutela parte txapelketan; hain zuzen, Donostiako Super Amara Bera Bera eta Barakaldoko HGB Zuazo Eskubaloia taldeek neurtuko dituzte indarrak Orion. Emakumezkoen lehen ligako taldeak dira biak.

"Eragin klubaren sorrera ospatzeaz gain, klubari bultzada emateko helburua daukagu", azaldu dute. Beraz, 5 euro balioko du helduentzako sarrerak, eta 2 euro 12 urtetik beherakoentzako sarrerak. Eragineko bazkideei dagokienean, 3 euroan erosi ahalko dute txartela. Bestalde, bazkide izan nahi dutenek, egunean bertan izango dute aukera.

Abuztuaren 17an, larunbatean, 12:00etan izango da norgehiagoka, Orioko Karela kiroldegian. Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dute hainbat opari zozkatuko dituztela atsedenaldian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!