Ziaboga musika zikloa egingo dute abuztuaren 2tik 25era

Karkara 2019ko uzt. 23a, 15:20
Ezkerretik hasita, Makala, Hugo Silveira, Anuska Esnal, Xabier Ibarguren eta Jose Javier Gomez de Segura (Onintza Lete Arrieta)

Lau kontzertu antolatu ditu Enbor Akzio Kulturalak abuzturako Orioko Udalaren laguntzarekin, bi herriko plazan, eta beste bi hondartzan, Mola-mola atzeko belardian. Hugo Silveira musikari brasildarraren doinuekin hasi eta amaitu dute prentsaurrekoa, gaur eguerdian Antilla hondartzan.

"Abuztuaren 2a, 11, 16a eta 25a gorriz markatu beharreko egunak izango dira oriotar eta inguruko musikazale guztientzat, aurrenekoz Ziaboga musika zikloak hartuko duelako Orio", Xabier Ibarguren Kultura zinegotziak nabarmendu duenez. Lau kontzertu izango dira, eta azaldu du ohiko agertokietatik atera nahi izan dutela musika, eta horregatik plazan eta hondartza gunean eskainiko dituztela saioak. Guztiak ordu berean hasiko dira: 19:30ean.

Emanaldi bakoitzari buruzko xehetasunak azaldu ditu, berriz, Mikel Unzurrunzaga, Makala, musikari zarauztarrak. Enbor Akzio Kulturala elkarteko kidea da, eta elkarte horren antolatu du musika zikloa, udalaren laguntzarekin.

Abuztuaren 2an hasiko da musika zikloa, eta Makalak azaldu duenez, jazz eta swing estiloak ekarriko ditu Broken Brothers Brass Band taldeak. Iruindarrak dira, eta kontzertuaren aurretik kalejira egingo dute. "Kontzertu dibertigarria" izango dela ziurtatu du Makalak.

Abuztuaren 11n, berriz, doinu brasildarrak entzun ahal izango dira hondartza gunean. Sambastian taldea ariko da. Hain zuzen, talde horretako Hugo Silveira izan da gaur prentsaurrekoan, eta musika sentsuala eskaini du hitzorduari hasiera nahiz amaiera emateko. "Roda do samba egingo dute, hau da, mahai baten bueltan esertzen dira, eta jotzen dute perkusioa, kitarra... Giro berezia sortzen dute, jendeak beraien alboan egiten baitu dantza. Gauza oso berezia eta polita da, oso interesgarria".

Abuztuaren 16an izango da hirugarren kontzertua, plazan. Blues musika joko dute Paul San Martin eta Denis Agenet musikariek. "San Martinek Jazzaldian ere joko du aste honetan, eta ibilbide oparoa du. Frantzia aldean ibiltzen da asko, eta hain zuzen, A French Session izeneko diskoa kaleratu du aurten. Primizian emango du Orion ere, eta Agenet bateriajolearekin etorriko da kontzertu horretara".

Abuztuaren 25ean, azkenik, Korrontzi taldearen emankizuna izango da plazan.  "Euskal musika tradizionalarekin amaituko dugu zikloa. Musika eta dantza nahasten ditu, eta aski ezagunak dira Euskal Herrian eta mundu mailan, beraiek direlako euskal musikaren enbaxadoreak. Agenda oso estua izan arren, tarte bat egin dute, eta esan digute gogoa dutela Orioko aurreneko ziklo honetan aritzeko. Luxua da beraiekin ixtea ziklora".

"Aurrera, egin gaituenari bizkarrik eman gabe"

Makalak Orioko Udalari eskerrak ere eman dizkio, "apustu hau egiteagatik". Musika ziklo hau "zapore anitzeko doinu emaria" dela uste du Makalak. Musika zikloa definitu du "euskara eta euskal kultura munduko doinuekin batuko dituen publiko guztientzako proposamena" bezala. 

Jorge Oteiza artista oriotarraren hitzak ere erabili ditu musikari zarauztarrak, musika zikloaz antolatzaileek duten kontzeptua azaltzeko: "Oteizak zioen arraunlariek aurrera egiten zutela baina atzera begira, iraganarekiko erreferentzia galdu gabe, funtsean, sustraiak non ditugun argi eta garbi izanda. Eta, Ziaboga jaialdian ere, aurrerantz egiteko prest gaude, egin gaituenari bizkarrik eman gabe".

Abuztua, "ekitaldiz beteta"

Ibargurenek, amaitzeko, gogorarazi du abuztuan bestelako ekitaldiak ere izango direla herrian, eta "ekitaldiz beteta" datorrela hilabete hori Oriora. Gure Zirkua aipatu du, zeina Orion egongo baita abuztuaren 2tik 18ra, eta baita zinema saioak ere, bi astetik behin emankizunak egongo baitira aire zabalean. Hurrengoa, ostiral honetan bertan.

Ziaboga zikloa antolatzeagatik eskerrak eman dizkie Makalari eta gainerako antolatzaileei, eta herritarrak eta inguruko bizilagunak gonbidatu ditu Orioko udako kultur ekitaldietan parte hartzera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!