Asteartean iritsiko da Hau ez da txantxa! kanpaina Oriora. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Emaus Fundazioak antolatu dute ekimena, eta udan gune bana jartzen ari dira Gipuzkoako hondartza guztietan, txandaka, informazioa banatzeko, tailerrak antolatzeko eta, oro har, herritarren kontzientzia astintzeko. Orioko Antilla hondartzan uztailaren 30etik abuztuaren 4ra bitartean jarriko dute informazio-gunea. 

Informazio-guneak itsas garraiorako erabiltzen diren edukiontzi handien itxura du eta honako orduetan egongo da zabalik:asteartean, 11:00etatik 14:00etara, eta asteazkenetik igandera, 16:30etik 19:30era.

Haurrentzako tailerrak
Bi lagun izango dira informazio-gunean: batak jendea hartu eta informazioa banatuko du, eta bestea haurrekin tailerrak antolatzen arituko da. Hiru tailer egingo dira, txikienei zuzenduta:

  • Bay Bay Bag. Erabilera bakarreko plastikoen kalteez sentsibilizatzeko.
  • Plastikoa, itsasoko espezierik arriskutsuena. Plastikoa birziklatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko.
  • Bilatu 10 mikroplastiko! Bilaketa-jokoa: haurrek mikroplastikoak aurkitu behar dituzte hondartzan eta gero informazioa ematen zaie plastikoaren degradazioari buruz: zenbat urte behar duen guztiz degradatzeko, arrainei zer kalte egiten dien…