Urrez margotutako denboraldia

Karkara 2019ko uzt. 29a, 17:00
(Iban Egiguren)

KAE2, Euskotren eta Eusko Label ligetan lider dira Orioko ontziak. Datorren asteburuan San Juango uretan jokatuko dute gizonezkoen B ontzikoek. Emakumezkoek eta gizonezkoen A taldekoek, baina, atseden hartuko dute.

Iragan asteburuan ere estropadak izan dira, Santurtzi eta Getxoko uretan, hain zuzen. Traineru denboraldiaren erdian gaude dagoeneko, eta sasoi bikaina ari dira egiten Orioko hiru taldeak. Aurreneko sailkatuak dira emakumezkoen ontzia, gizonezkoen A ontzia eta gizonezkoen B ontzia; Euskotren, Eusko Label eta KAE2 ligetan, hurrenez hurren.

Larunbateko zein igandeko estropadetan nagusitu zen Orioko emakumezkoen ontzia. Hala, lidertzan berretsi dira, 39 punturekin. Bigarren sailkatuak da Donostia Arraun Lagunak (31 puntu), hirugarrena Donostiarra (16 puntu), eta laugarrena Hondarribia (14 puntu).

Gizonezkoen lehen taldeak bandera irabazi zuen larunbatean Santurtzin, baina bigarren egin zuen igandean Getxon. Dena den, aurreneko sailkatua da Eusko Label ligan, 133 punturekin. Bigarren postuan dago Santurtzi (117 puntu), hirugarrenean Hondarribia (115 puntu), laugarrenean Zierbena (112 puntu) eta bosgarrenean Donostiarra (105 puntu). 100 puntutik behera eskuratu dituzte momentuz gainontzeko taldeek; Urdaibaik (97 puntu), Cabok (60 puntu), Ondarroak (60 puntu), Kaikuk (57 puntu), Lekittarrak (30 puntu), Astillerok (27 puntu), eta San Pedrok (23 puntu).

Gizonezkoen B ontziari dagokionez, hirugarren egin zuen asteburuan, eta ez zuen Algortako Portuzaharra Ikurriña eskuratzea lortu. KAE2 ligan lider jarraitzen du hala ere, 80 punturekin. Bigarren sailkatua da Castro-Canteras de Santullan (77 puntu), hirugarrena Getxo (63 puntu), eta laugarrena Bermeo (63 puntu). Portugalete da bosgarrena (56), Hondarribia seigarrena (50 urte), zazpigarrena Busturialdea (42 puntu), zortzigarrena San Juan (38 puntu), bederatzigarrena Mutriku (21 puntu), hamargarrena A.N. Castro Glass (20 puntu), eta hamaikagarrena Portu-Deustu (18).

Datorren asteburuan, atsedena zein estropadak

Aste honetan ere jardunaldia izango dute KAE2 ligako arraunlariek, San Juanen. Euskotren eta Eusko Label ligakoek, baina, atseden hartuko dute. Abuztuaren 10an jokatuko dituzte hurrengo estropadak, Ondarroan, eta Hondarribira mugituko dira abuztuaren 11n.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!