Laida Dorronsoro: "Beste urteetan ere ibili da jendea, nik uste nuena baino gehiago"

Onintza Lete Arrieta 2019ko abu. 3a, 15:57
Laida Dorronsoro, ostiral arratsaldean dendan (Onintza Lete Arrieta/Karkara)

Laugarren urtez ari da Orio Arraunketa Elkartearen dendaz arduratzen. Salmentak ondo doaz, aurten denda plazatik futbol zelai aurrera tokialdatu duten arren.

Kasualitatez hasi zen Laida Dorronsoro (Orio, 1996) Orio Arraunketa Elkartearen dendan lanean, elkarteko juntan dabilen osaba baten bitartez. Gustukoa du, laugarren urtea baitu aurtengo udakoa. Herriko plaza ingurutik aldendu egin dute aurten denda, eta Mendibeltz futbol zelaiaren aurrean aurki daiteke. Hala ere, "salmentei ez die kalte egin", Dorronsorok nabarmendu duenez.

"Nabari da afizio asko dagoela, eta berdin du herriaren zein tokitan jartzen den denda, zaleak etorri egiten direlako". Onartzen du, gainera, toki berriak ere badituela bere alde onak, "aparkaleku handia duelako alboan, eta etxe berri asko inguruan".

Salmentak ondo doaz, bai: banderolak gastatuta dituzte, eta kamisetak ere agortzear. "Eskatu dugu gehiago, baina ez da berehala iristen, itxaron egin behar".

Uda denboraldian irekitzen dute denda, asteburuetan. Aurten, sanpedroetako astean. Irailean ondo sartuta ixten da denda, arraun denboraldia amaitu arte itxoiten baitute.

"Aurten nabari da traineruak ondo dabiltzala eta jende gehiago dabilela dendan. Dena dela, beste urteetan ere ibili da jendea; nik uste nuena baino gehiago". Estropadak inguruetan jokatzen direnean antzematen du dendaren martxan gehien, Orion bertan edo Zarautzen izaten direnean, esaterako, baita Kontxa datorrenean ere. Gainera, Kontxaren astean egun gehiagotan egoten da zabalik denda.

Bezero finkoak ere baditu arraun elkarteak, batzuk Oriotik kanpokoak. "Badira urtero datozenak dendara, hemengoak izan ez arren Orio animatu dutenak betidanik", azaldu du Dorronsorok.

Zaletuez gain, turistak galdezka

Kamisetak dira gehien saltzen direnak, batez ere helduenak, eta baita banderak ere. Azken asteetan herriko balkoi asko daude horiz jantziak, eta Zarauztik datorrenarentzat harrigarria da zubi parera iristea, aurrean ikusten duen babes keinua ikaragarria delako.

Kanpotarren atentzioa ere bereganatzen dute balkoietako banderek, bat baino gehiago gerturatzen baita Dorronsororengana, galdezka. "Ingelesak dira batez ere, eta ni saiatzen naiz ahalik ondoen azaltzen zergatia".

Orain lau urte arte, elkarteko zuzendaritzakoak arduratzen ziren dendaz, haien ingurukoen laguntzarekin. "Txandaka aritzen ziren, baina beti ezinean, eta azkenean erabaki zuten norbait hartzea". Materiala urte osoan egoten da salgai, Internetez. Interesa duenak OAEren webgunera jo besterik ez du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!